BAKARRIZKETA

Zero euroko billetea, Marxen jaiotza ospatzeko

BERRIA.
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
1. Hara! Diru marxista! Treverisen zoratu egin dira herrikide ezagunenaren jaiotzaren 200. urteurrenarekin. Ospakizunen harira, Alemaniako hiri horretan edozein bazterretan ikus daiteke Karl Marxen irudia, baita diruan ere. Udalak euro billeteak atera ditu haren omenez, haren aurpegiaren irudiarekin.

2. Euro billetea da, bai, baina begiratu ondo: Marxen diruak ez dauka baliorik. Billete morea ikusi dudanean, pentsatu dut 500 eurokoa zela, baina ez: zeuro euro, argi eta garbi jartzen du. Hori bai, hiru euro pagatu behar dira billetea lortzeko. Ezin da diru moduan erabili, oroigarri hutsa da. Hiriko turismo bulegoan dago salgai: dagoeneko 5.000 billete saldu dituzte, eta espero dute beste 20.000 saltzea.

3.Manifestu komunista-ren eta Kapitala-ren egileak burua altxatuko balu... Ba, Treverisko turismo bulegoko zuzendaria harro dago, eta argudiatu du Marxen izpirituari fidel eutsi diotela billetearekin. «Oroigarriak Marxek kapitalismoari egindako kritikak islatzen ditu, eta, jakina, zero euroko billetea guztiz bat dator horrekin», azaldu du Norbert Kaethlerrek.

4. Komunismoaren oinarrietako bat merchandising objeketu bilakatuta. Hori bai dela urteurrena ospatzea! Diruarena ez da oroigarri bakarra. Plastikozko ahatetxo horiak ere badabiltza saltzen, mokopean bizar zuria daukatenak eta besapean Kapitala liburua. Hori gutxi ez, eta Treverisko semaforoak ere aldatu dituzte: zebrabidea pasatzeko unea markatzen duten argi berde eta gorrizko pertsonatxoen tokian Marxen itxurako figuratxoak jarri dituzte: bizarrarekin eta bespean liburuarekin. Urtemuga borobiltzeko, hirian polemika piztu duen eskultura: hiru tonako brontzezko Marxen estatua bat jarri dute, Txinako Gobernuak ordainduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.