Koronabirusa

Ikastetxeetako segurtasun neurriak arindu ditu Parisek

Ikasle guztiak itzuliko dira astelehenetik goiti. Seaskak dio «ezinezkoa» zaiela denen harrera

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Urdazubi eskola publikoko haurren sartzea, maiatzean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ekainaren 22an sartuko dira Ipar Euskal Herriko ikasle guztiak ikastetxeetara. Maiatzaren 11tik goiti, pixkanaka sartu ziren ikasleak, mailaz maila. Segurtasun tarteak errespetatu behar izan dituzte, eta gela bakoitzeko ikasleen erdia egon zitekeen presente—gisa horretan segituko dute lizeoetan—. Lehen hezkuntzako eta kolegioetako ikasle guztien harrera egin ahal izateko, Frantziako Gobernuak protokoloa arindu du, eta neurri berriak plantan eman ditu. Peio Jorajuria Seaskako zuzendariak esan du «oraingoz segurtatzekoa» dela protokolo berria.

Izan ere, iragan astelehenean Frantziako Hezkuntza Ministerioak plazaratu zuen dekretuak «ez du bat egiten» protokolo berriarekin. Dekretuek, ordea, «legalki balio gehiago dute protokoloek baino». Dekretuan, segurtasun tarteen bermatzea derrigorrezkoa dela agertzen da; protokoloan, berriz, ez. Atzo argitaratutako neurri sortaren arabera, ama eskolan, aurrerantzean ikasleek ez dute lau metro koadroko distantzia errespetatu beharko. Ahal den heinean, lehen mailan eta kolegioetan metro bateko tartea mantendu beharko dute, baina, ikasgela txikiegia delarik, ez da beharrezkoa izanen segurtasun tarteak atxikitzea. Kasu horretan, 11 urte baino gehiagoko haurrek maskara jantzi beharko dute.

Bestalde, kanpoko eremuetan, segurtasun tartearen bermatzea ez da beharrezkoa izanen astelehenetik aitzina. Hala ere, talde desberdinetako ikasleek ez dute elkar gurutzatu beharko ikastetxe barnean. Maskara derrigorrezkoa izanen da langile eta irakasle guztientzat. Ikasleek, berriz, ikastetxe barneko lekualdatzeetan jantzi beharko dute, baita klasean distantzia ezin bermatua delarik ere. Oro har, ikasle talde ezberdinen elkar gurutzatzea saihesteko, ikastetxe bakoitzak ordutegiak egokitu beharko ditu. Protokoloaren arabera, irakasle zaurgarriek debekatua izanen dute lanera itzultzea.

Jorajuriak azaldu du Seaskaren barruan irakasleen %20a dagoela egoera horretan. Hortaz, «ezinezkoa» izango zaie ikasle guztiei harrera egitea, irakasleak faltako dira eta. «Aste hastapenean atera den dekretua ezeztatzen duen beste dekretu baten beha gara, eta oraindik ez dakigu zehazki nola antolatuko garen». Dekretua baliogabetuko ez balute, Jorajuriak azaldu du «ikasle guztiei denbora osoz harrera egitea ezinezkoa» izanen dela, segurtasun eta higiene neurriak arinduak izan arren.

Garbiketa protokolo berezia ere zehaztu du Frantziako Gobernuak. Ikasgelak aireztatu beharko dituzte egunean hainbat aldiz. Langileek garbiketa egunero egin beharko dute, eta, ikasleek partekatzen duten materiala ere desinfektatu beharko dute egunean behin, gutxienez.

Antolaketa, «buruhauste»

Dena dela, ikastetxeetako «fase berriak» bi aste iraungo ditu, ikasleek uztailaren 4an hasiko baitituzte oporrak. Blanquerrek beharrezkotzat jo zuen gazteek martxotik irailera arteko «parentesi bat» izan ez dezaten. Haren esanetan, eskolara itzultzea «psikologia aldetik garrantzitsua» da, eta «arrisku gutxiago» du etxean geratzeak baino.

Jorajuriak ere «beharrezkotzat» jo du ikasleak eskolara itzultzea. «Ikastolak funtsezko rola du sozializazioan, eta lotura biziki inportantea da. Badira lau hilabetez ikastolara hurbildu ez diren ikasleak. Bakantzeekin, sei hilabete ikastolarik gabe: zaila da. Normalizaziora buruz abian dela erakutsi nahi du Frantziako Gobernuak, eta irailari begira aski baikor gara», azpimarratu du Jorajuriak.

Hala ere, irakasle eta administrazio langileek neurri berrietara egokitzeko izaniko «buruhausteak» izan ditu gogoan Seaskako lehendakariak: «Pandemiaren hasieratik egokitu gara. Badakigu asteburua antolaketa berria prestatzen pasatuko dugula». Dekretuaren eta protokoloaren arteko ezberdintasunak «ongi ikertu» beharko dituztela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.