Pastor
DARWIN ETA GU

Postariarekin erdaraz

2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Postaria banaketa-autorantz joaten ikusi, eta harengana abiatu naiz, arineketan. Ezezaguna da, eta erdaraz egiten hasi naiz harekin, oharkabean. Hala ere, haren hizketaren soinua entzun, eta euskalduna dela esan dit belarriak. Euskaraz hasi natzaio orduan, eta horrela segitu dugu. «Pakete bat bidali didate, eta atzo sms bat jaso nuen posta zerbitzutik, horretaz jakinarazteko. Gaur oharra utzi didate buzoian. Bigarrena da». «Bi aldiz abisatzen dute beti», erantzun du postariak, «lehenengoan, sms-aren bidez, eta bigarrenean, buzoiko oharraz. Bihar bulegora joan, eta bertan izango duzu paketea».

Erdaldun elebakarra banintz, inon ez nuke arazorik izango. Erdaraz egingo nuke Euskal Herriko edozein lekutan. Erdaldun elebakarra nonahi molda daiteke erdaraz. Hegoaldean espainolez. Iparraldean frantsesez. Eta postaria balitz, erdaraz egitera behartuko luke herritar euskalduna. Niri erdaraz atera zait lehen hitza. Argudiatuko dute inork ez nauela hala jokatzera behartu eta, gainera, postaria euskalduna dela. Zuzen eta oker daude. Postaria euskalduna da, baina egoera diglosikoa ezkutatu ezin duen gezurrezko elebitasun sozialaren errealitate latzak bultzatu nau, nahi gabe, erdarara. Euskara errespetatzen dutela esaten dute. Maitatu ere egiten dute, baina askatasunean. Euskara inposatuko zaien beldur direla azaldu arren, nagusikeriaren isla dira. Euskara ari du, baina haren tanta finak ez dira ezer erdararen urakanean.

New Yorkeko jatetxe bateko zerbitzariei errieta egin die abokatu batek, bezeroei espainolez egiteagatik. Donald Trump-en jarraitzaile sutsua omen da morroia. Eskuindar arrazista. Egunkari espainiarretan larrutzen hasi dira. Abizen judua duenez, juduen kontra jardun dute iruzkinetan, Errege-Erregina Katolikoen jokaerari lotutako pentsamolde xenofoboaz. Arrazista kritikatu dute, arrazista jokatuz. Atzerritarrek bere aurrean espainolez hitz egitea maite ez duenaren kontra egin dute. Jakin nahi nuke lagun horietako zenbatek onartuko luketen Euskal Herriko edo Kataluniako herritarrek euren artean, euren herrian, euskara edo katalan hutsez mintzatzea haien aurrean.

Generalitateko presidente Quim Torrak duela urte batzuk sare sozialetan idatzitako mezuak zabaldu dituzte hedabide unionistek, arrazista dela salatzeko. New Yorken espainolez bizi izateko eskubideari muzin egingo ez lioketenek ez dute onartzen Katalunian katalanez bizi izateko eskubide erreala errespetatzea. Euskal Herrian ere ez. Bai, Torraren berbak ez ziren oso txukunak izan, baina islatzen duen errealitatea ez da asmatua. Ezin da kritikatu Gironan bizi den pertsona batek katalana ikasi edo hitz egiteko asmorik ez izatea?

Nazionalismo linguistiko espainiarrari aurre egitea ez da arrazista izatea. Hala ere, batzuetan ez gara horretaz ohartzen, eta makurtu egiten gara. Pozik bizi gara, alegiazko elebitasunak emandako ilusioan, baina erdara inoiz baino osasuntsuago dago. Populazioaren pisua du, masa kritiko itzela, mugaz gaindiko prestigio sozial eta kulturala —prestigio ekonomikoa beste kontu bat da—. Marko legal juridiko osoa ere alde du espainierak.

Bartzelonara eginiko bidaia batean bertan ikasten ari zen euskaldun bat bisitatzera joan ginen. Etorkin espainiarrez betetako auzo batean bizi zen. Gipuzkoarrak Gaztelako pertsona bat zuen pisukide. Mutila katalanen kontra hasi zen, gorrotoz betea. «Siempre hablando en catalán. ¡Qué asco les tengo!». Eta neska, euskaraz: «Egia!». Urola aldeko euskalduna erdaldun kolonialistaren mezuarekin bat.

Postariak bi aldiz deitzen du beti nobela beltzean sexu eta indarkeria giroan oinarritutako istorioa deskribatu zuen James M. Cain idazle estatubatuarrak, 1934. urtean. Edukia zela eta, lana argitaratzeko debekua ezarri zuten Bostonen. Jack Nicholson eta Jessica Lange bikoteak antzeztu zuen nobelako pertsonaien harreman sadomasokista, 1981eko filmean. «Maitasuna ez da gehiago maitasuna, zuk beldurra gehitzen badiozu. Gorrotoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.