Leire Ajuriagoxeaskoa. Argazkilaria

«Nire hizkuntza propioa eta obra bakoitzak zer behar duen bilatzen saiatzen naiz»

'Etxe merkeak' erakusketa dago ikusgai Zarauzko Photomuseumen uztailaren 16az geroztik. Ajuriagoxeaskoa egileak hitzaldia emango du bertan, erakusketaren osagarri gisa; gaur izango da, 18:30ean.

Etxe merkeak erakusketako argazki bat. Artistak zuriak eta grisak erabili ditu bakarrik. LEIRE AJURIAGOXEASKOA.
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Zarauzko Photomuseum argazki eta zinema museoan Etxe merkeak erakusketa dago ikusgai uztailaren 16tik irailaren 1era bitartean. Leire Ajuriagoxeaskoa tafallarrak 2010ean hasi zuen proiektua, eta gaur hitzaldia emango du hura azaltzeko, erakusketaren osagarri modura. 18:30ean, Photomuseumen.

Zer azalduko duzu gaurko hitzaldian?

Hitzaldia proiektua apur bat argitzeko izango da, oso konplexua da eta. Gai asko jorratu nahi ditut, baina inor aspertu gabe. Informazio oso gutxi dago gai honi buruz, oso gutxi idatzi da, baina azken batean nik asko ikertu dudan gaia da. Batez ere argazki bakoitzeko irudiak interpretatu eta itzuli nahi ditut, baita lengoaia estetikoetan sartu ere. Nolabait esatearren, obra apur bat desestali.

Nola hasi zen Etxe merkeak proiektua?

Aspaldi egiten ditut argazkiak, baina ez da familiako gauza bat; nik erosi nuen argazki kamera bat, eta horrekin jolasten hasi nintzen. Gero, Arte Ederretako eta Argazkilaritzako ikasketak egin nituen. Londresen, argazkilaritza ikasten ari nintzela kurtso amaierako lana aukeratu behar zen. Orduan, nire amona hil egin zen. Harekin harreman oso estua nuen, eta Bilboko San Ignazio auzoko etxe merkeetan bizi zen. Nolabait harengatik egin nuen; harekin han bizi izan nituen sentipenak islatzearren.

Erakusketa zuri-beltzezko 35 argazkiz osatuta dago, gehienak metro bat zabal eta metro bat luze direla. Zergatik egin duzu halako egitura zehatzaren alde?

Jakina, proiektu hauek buelta asko ematen dituzte; nik 2010ean hasi nuen, eta ordutik gauza asko aldatu dira egitasmoan hiru urtean. Bai, egia da lengoaiarik gogorrena, erakusketa definitzen duena lehenengo hamar hilabeteetan aurkitu nuela. Lengoaia mota askotan bilatu nuen, argazkilaritza teknikekin esperimentatzea asko gustatzen zaidalako. Horregatik, nire obran ezin ditzakezu aurkitu kasualitatez edo modu erraz batez egindako argazkiak. Asko esperimentatzen dut analogikoarekin, baita hura argazkilaritza modernoarekin uztartuz ere. Bilatzen dudana zera da: nire hizkuntza propio bat aurkitzea, eta proiektu bakoitzak zer behar duen ere bai.

Zer bilatzen duzu kasu honetan erabiltzen duzun lengoaiarekin?

Kasu honetan, zuri-beltza erabili dut, edo hobeto esanda, zuri-grisa, ez baitago ia tonu beltzik argazkietan. Argazkiak egiten nenbilenean, Jose Saramagoren Ensaio sobre a cegueira [Itsutasunaren inguruko saiakera] irakurtzen ari nintzen, eta itsukeria zuria kontzeptuak liluraturik utzi ninduen. Grisak orduko egoera islatzen duela uste dut. Gainera, etxeetara zoazenean, dagoen atmosfera sentikorra gero argazkiarekin sentitzen duzunaren aldean oso ezberdina da nire ustez. Sentipenak bat ez datozenez, zuriarekin neutralizatu nahi izan dut. Sinbologia obran etengabekoa da.

Nazioartean ere ibili da zure erakusketa. Nondik ibili da eta nora eramateko asmoa daukazu?

Hasierako sei argazkiko egitasmoa Rochesterren [Ingalaterra], Londresko Rag Factoryn eta Getxo Arten egon da, esaterako. Aurrerantzean erakusketa hau gehiago mugitu nahi dut, proiektu berriei uko egin gabe, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.