SERIEA. Euskaraldia martxan (eta IX). Komunikabideen kontsumoa.

Euskaraz, kontzientzia hartzeko

Azpeitian ere espainierazko komunikabideak kontsumitzen dira gehien; tokikoen bidez lortu dute jende askok ohitura aldatzea, baina «zerbait gehiago» behar dela diote.

Julene Frantzesena, Eneritz Albizu eta Ainhoa Beristain, Azpeitiko plazan. G. RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
Azpeitia
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gaur, betiko moduan, ale bat baino ez». Kiosko batean egiten du lan Ainhoa Beristainek, Azpeitian (Gipuzkoa) dagoen bakarrean. Euskarazko kazetarik ez du saltzen ia. «Baina harpidedun askok hemen jasotzen dute berena». Dituen erosleak «euskaldun peto-petoak» direla dio, 50 urtetik gorakoak; gazteak oso gutxi, baina erosten dutenean edo harpidetzen direnean, euskarazkoetara jotzen dute, nabarmendu duenez. «Nire kioskoan ez dago espainierazko prentsa erosten duen gazterik. Dena ez dago galduta».

Azpeitia da herri euskaldunenetako bat, baina, komunikabideen kontsumoari dagokionez, ez da askorik nabari: ez prentsa idatzian, ez telebistan. Beristainek azaldu duenez, adinekoek —eta ez soilik haiek— argudiatu ohi dute «zailtasunak» dituztela euskaraz irakurtzeko, baina bera ez dago ados horrekin.

Ezta Julene Frantzesena Uztarria-ko eta Urola Kostako Hitza-ko kazetaria ere. Uste du ohiturak alda daitezkeela, «aldatzeko» daudela, eta, zenbaitek, gainera, aldatu dituztela: Uztarria-ren adibidea jarri du. «Herrian gehien irakurtzen den komunikabidea», erosleen artean adin guztietakoak dituena, eta harpidedun gehienak 50 urtetik gorakoak dituena: «Euskaraz izatea, beraz, ez da arazoa. Euskaraz alfabetatua ez zegoen jende asko euskaraz irakurtzera jarri du Uztarria-k. Beraz, ahal da».

Zergatia bilatzeko orduan, «edukien faktorea» azpimarratu du Frantzesenak. Azpeitian, beste herri ugaritan bezala, tokiko informazioak «harrera oso ona» du, dioenez. «Herriko eta eskualdeko albisteak irakurtzeko orduan, espainolezko komunikabideetara jotzen zuten. Orain ez, ezta adinekoek ere».

Horrekin bat dator Eneritz Albizu, Natul euskara taldeko kidea. Gazteez mintzo da: uste du Azpeitikoentzat ez dela aldaketarik egon, beti izan dutela «erreferente» kazeta hori, komunikabide idatziak irakurtzen dituztenek behintzat: «Haien artean ez dago hain zabalduta 'hau periodikuen [espainierazkoan] irakurri dut' esatea; hori gehiago entzuten zaio adin bateko jendeari. Baina kontua da orain ez dela idatzizko prentsarik irakurtzen ia».

'Periodiku'-tik egunkarira

Hirurek nabarmendu dute gazteek Internet bidez jasotzen dituztela albisteak. «Baita tokiko informazioa ere», Frantzesenak dioenez. Egunean 5.000 bisita inguru izaten dituzte Uztarria-ren webgunean; Azpeitian 15.000 pertsona inguru bizi dira. Horrez gain, tabernetan ere paperezkoak oso harrera ona duela dio. «Eskutik eskura ibiltzen dela esaten digute».

Papera-Internet dikotomiari buruz, Albizuk uste du «oso euskaltzaleak» egiten direla harpidedunak gaur egun, edota euskarazko komunikabideen egoera zein den dakitenak. Horren bitartez, mahai gainera atera nahi izan du «kontzientzia hartzearen gaia». Azpeitia «oso herri euskalduna» izanik, hangoentzat euskaraz bizitzea «oso normala» da. Baina horrek «paradoxa» batzuk uzten ditu, «hutsune» batzuk, Albizuren arabera. «Batzuetan, badirudi pertsona batzuk konturatu ere ez direla egiten erdarazko produktuak kontsumitzen ari direla. Euskarazkoaren beharrik ez dute nabari. Eta, gainera, ez dira jabetzen euskarazko komunikabideen egungo egoeraz; uste dute normal-normal funtzionatzen dutela, besteen antzera. Baina herri euskaldun batean ez badira kontsumitzen euskarazko komunikabideak, non eta zeinek kontsumituko ditu?».

Onarpen keinua egin dute beste bi elkarrizketatuek. «Euskaraldiarekin antzeko zer edo zer gertatzen ari da Azpeitian. Jende pila batek izena ez du eman, euskaraz bizi denez, behar hori ez duelako sentitzen», azaldu du Frantzesenak. «Txapa ikusi, eta euskaraz eskatu didate normalean espainieraz aritzen diren batzuek», azaldu du Beristainek. «Eta saiatu naiz BERRIA saltzen, baina haiek periodikue nahi dutela, eta ezetz. Egun hauetan ere ez dira animatu».

Frantzesenaren iritziz, Euskaraldiak balio badu, halakoetarako balilo behar du. «Baina horrek aldaketa handia eskatzen du. Buenos días esateari utzi eta egun on esaten hasteak ez du batere ahaleginik eskatzen ia. Beste kontu bat da komunikabidea aldatzea. Horrek, besteak beste, konpromiso handi bat hartzea eskatzen du». «Baita euren burua euskaltzale duten askoren kasuan ere», gaineratu du Albizuk: «Ez dakit Azpeitian zenbateraino ohartzen den jendea euskararen egoeraz». «Gu oasi baten bizi gara, nolabait», erantsi du Beristainek.

Baina zerk alda ditzake ohitura horiek? Albizuk gogora ekarri du Euskaldun Egunkaria ixteak nolako «elkartasun uholdea» sortu zen Azpeitian. «Nik uste dut batzuetan susto bat hartu behar dugula». Beristain ados dago horrekin: «Euskarazko komunikabideak eduki nahi ditugu, baina gero ez gara jabetzen erosten ez badugu ezin dutela funtzionatu». «Hemen, gauza batzuk galdu arte ez gara konturatzen», gaineratu du Frantzesenak. «Dirua ematen dugu ez ixteko, baina ez diogu jarraipenik egiten. Salbatzaile kontzientzia dugu, baina bestelakoa izan behar luke gure jarrerak», gehitu du Beristainek. «Eta badago diru laguntzen kontua ere: jende askok uste du horrekin nahikoa dela», azaldu du Frantzesenak.

Hilberriak Interneten

Hizketaldiaren beste tarte batean, ohiturei erreparatu die Beristainek: haiei buelta emateko moduei, zehazki. Bera, adibidez, ohartu da adinekoek informazio jakin batzuengatik erosten dutela espainierazko prentsa, eta beste edukiei ez dietela kasurik egiten ia. Kioskoan ez ezik, etxean ere ikusi du hori. «Orduan, bururatu zitzaidan amari tableta egokitzea informazio hori —hilberriak— Internet bidez irakurtzeko. Orain, egunkari bakarra du etxean: euskarazkoa. Deseatzen egoten da, noiz iritsiko zain. Ez du bestearen falta sumatzen. Lehen, esaten zuen zailtasunak zituela, ez zuela ulertzen; orain, ez. Gainera, harentzat sekulako satisfazioa da euskaraz irakurtzea».

Albizuk ere lortu zuen gurasoen etxean. Espainierazkoa zen kontsumitzen zuten kazeta bakarra; han bizi zenean, BERRIAren harpidedun egin zen. Gurasoak ohartu ziren «gustura eta eroso» irakurtzen zutela eskualdeko informazioa, eta orain Urola Kostako Hitza-ren harpidedun dira. «Ohiturak aldatzea zaila izaten da, baina posible da». Egunotan Albizuk praktikara eraman duen beste «ariketa» bat izan da lagunei-eta Interneteko sare sozialen bidez bidalitako albisteen estekak soilik euskarazko komunikabideenak izatea. «Harrera oso ona izan du».

Eta kalean? Tabernetan-eta zein komunikabide kontsumitzen da Azpeitian? «Nik arazorik ez dut izaten euskarazkoak topatzeko», azaldu du Beristainek. «Ni, ordea, konturatu naiz leku batzuetan kendu egin dutela», gaineratu du Albizuk. Argudioa: ez dela irakurtzen. «Nik esaten diet bestea kentzeko; orduan irakurriko dela euskarazkoa. Hori izan daiteke bideetako bat: eskatzea, insistitzea». Albizuk gogoratu du tabernetan BERRIA irakurgai jartzeko kanpaina bat hasi dutela Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateako herrietan—tartean Azpeitian—, eta espero duela horrek ere balio izatea tabernariek-eta ikusteko bezeroek euskarazkoak nahi dituztela.

Eta telebistetan? Kasu horretan zalantzarik ez dute hirurek: espainierazkoak, eta kate jakin bat, gainera. «Nik uste dut hala izaten dela etxeetan ere; agian, irratia euskaraz entzuteko ohitura handiagoa da, baina telebistaren kasuan ez, albistegiak eta kontu jakin batzuk kenduta», azaldu du Albizuk. Hautu hori zergatik egiten duten galdetzeko ariketa egin dute, eta azaldu dute ez dietela erantzun argirik ematen. «Aipatzen da euskarazko telebista produktuen kalitatea, edota espainierazkoen kopia txarrak direla... Ez dut uste kalitate kontua denik», dio Albizuk. «Batzuk lotsatu egiten dira gogoratzen diezunean zer kate daukaten jarrita telebistan», adierazi du Frantzesenak. «Uztarria-ren azken zenbakian, galdera hori bota dugu: delako kate hori zergatik den Azpeitian gehien ikusten dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.