Antibiotikoen estrategia berriko lehen botikagaia aurkeztu dute

Edu Lartzanguren.
2015eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Nature aldizkariak argitaratu zuen asteazkenean: AEBetako Merck laborategiko ikertzaileek bakterioen aurkako estrategia berri bateko lehen emaitza aurkeztu dute. Proba prozesuak gainditzen baditu, Ribocil izena izango du botika berriak.

Bakterioen erreprodukzioa hartu dute jomugan John Howe ikertzaileak eta haren taldeak.Haien geneetako azido erribonukleikoari (ARN) proteinak ekoizteko eginkizuna trabatzea lortu dute: ARN itzalgailu deituriko egituretan B2 bitaminaren lekua hartzen du Robocil botikak, eta blokeatu egiten du. Gaurko bakterioek ez dute oraindik erresistentziarik antibiotiko molde horren kontra.

Saguetan probatu dute, eta bakterioen kontzentrazioa 1.000 aldiz baino gehiago murrizten du, animaliei kalterik egin gabe.

«Bai, albiste ona da; izan daiteke antibiotiko eraginkorra, baina noiz arte? Ez dakigu», esan du Itziar Alkorta EHUko Biofisika Unitateko zuzendari berriak. Historiak erakutsi du behin betiko antibiotikorik ez dela izango. Bakterioek antibiotikoen aurkako erresistentzia estrategiak garatzeko informazioa elkarri nola pasatzen dioten ikertzen dabil Alkorta.

Zorua, borroka zelaia

Zorua bakterio eta onddoz beterik dagoela, eta bakoitza, bere lekua izateko, besteen aurka borrokan dabilela azaldu du ikertzaileak. Borroka horretan garatzen dituzte onddoek gai antibiotikoak. Gizakiek gai horiek identifikatu eta botika gisa erabiltzen dituzte bakterio horien kontra erietxetan. Hori dira antibiotikoak.

Baina borroka zelai etengabe horretan, bakterioek ere estrategiak sortzen dituzte besteen erasoetatik babesteko. Horiek dira erresistentzia mekanismoak. Erietxeko bakterioek agian ez dituzte erresistentzia tresna horiek, baina denbora kontua da informazioa haiengana heltzea, DNAren bidez transmititzen baita.

«Gure indar guztia antibiotiko berriak bilatzean jartzen badugu, lasterketa bat da, eta beti izango dugu atzean erasoa». Estrategia hori ondo dago, Alkortaren arabera, baina ezinbestekoa da ikertzea bakterioek nola transmititzen duten informazio hori. «Estrategia osagarri bat izango genuke horrela, antibiotikoekin batera; biak beharrezkoak».

Molekula baten bila dabil Alkorta, bakterioen komunikazio sistema blokeatuko duena. Baina horren inguruan ez dago ikerketa askorik. Lau laguneko talde bat gidatzen du Alkortak, hiru zientzialarik eta teknikari batek osatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.