Ikasleen tenpluan, erlijiorik behar al da?

Ika-mika sortu du erlijio irakasgaiak LOMCE legearekin jasotzen duen trataerak. Beste irakasgaien pareko jarri du legeak, eta notarako balio du. Egokia da maila hori? Zein izan behar luke? Hezkuntza munduko eragile eta pertsonen iritzia jaso du BERRIAk.

BERRIA.
2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Azken txanpan da aurtengo ikasturtea. Hurrengorako aurrematrikulazio epea ere amaitu da. Ikastetxeak eta hezkuntza arduradunak hurrengo ikasturtea antolatzen dabiltza, piezak egokitzen, eskaerei erantzuteko. Bada aldagai garrantzitsu bat sisteman eragina duena: erlijioa. Egun lau dira ikasgai gisa hauta daitezkeen erlijio konfesionalak: kristaua, ebanjelikoa, musulmana eta judua. LOMCEk, gainera, hautsak harrotu ditu: erlijioa beste irakasgaien pareko jarri du, ebaluatu beharreko irakasgai gisara. Horrek hainbat galdera lehen lerrora ekarri ditu. Erlijioak izan behar al du lekurik eskola arautuan? Hala bada, zein izan behar da toki hori? Ikasleen tenplua da eskola, derrigorrezko hezkuntza bukatu artean behintzat. Baina, tenplu horretan erlijioak egon behar al du?

Hezkuntzako eragileen artean, ez da iritzi bateraturik. Ana Perez, Steilas sindikatuko kidea; Andoni Gorospe, erlijio irakaslea; Imanol Zubizarreta, Laikotasuna elkarteko zuzendaria; Nieves Maya, Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazon ikastetxe itunduko zuzendaria eta Jose Javier de Egilaz, Gasteizko San Viator itunpeko ikastetxeko zuzendaria. Solaskide egokiak dira guztiak iritzi aniztasun hori agerian uzteko. Erlijioa hezkuntzan presente izan behar den; hori da lehenengo puntua. Baina ez da horren sinplea. Presentzia bainoago, eragin behar duen edo ez da eztabaida. Aldekoak eta kontrakoak ditu horrek. Hautu pertsonalarekin zuzenki lotuta dago bi aldeentzat. Izan ere, biek ikusten dute hautu hori egitea bermatu behar dela. Kontua da hezkuntza barruan edo hezkuntzatik kanpo izan behar den.

Bat datoz Steilas eta Laikotasuna elkartea erlijioak hezkuntzan izan behar duen tokiarekin. «Erlijioa eremu pribatuko kontua da», azaldu du Ana Perezek. «Familia bakoitzak erabakiko du zein sinesmenetan hezi nahi dituen bere seme alabak. Baina, badaude eremuak horretarako, eskolatik kanpo». Nieves Mayarentzat ere gurasoek aukeratu behar dute zein erlijiotan hezi seme-alabak, baina erlijio konfesional batean hezi nahi badituzte, horretarako era bermatu behar zaie: «Aniztasun kontua da. Errespetatu egin behar dugu pertsona bakoitzak uste eta erabaki duena. Gurasoen eskumena da seme-alaben hezkuntza zein izango den erabakitzea; seme alabentzat onena erabakiko dute». Jose Javier de Egilazek, era berean, zehazten du ez dela pribilegio bat kristau erlijioanheztea, eskubidea baizik.

Kontu honetan legeak badauka zer esanik. Espainiako Konstituzioan jasota dago: gurasoek eskubidea dute seme-alabak hezteko euren sinesmenekin bat datorren hezkuntza erlijiosoan eta moralean. Hala ere, legearen inguruan hausnartu egin behar dela defendatu du berriki Jose Antonio Marina Espainiako filosofo eta pedagogo ezagunak artikulu batean: «Moralari dagokionez, 21.1 artikulua gailentzen da. Artikuluak dio hezkuntzak errespetatu behar dituela oinarri demokratikoak eta oinarrizko eskubide eta askatasunak. Hots, dio oinarri etiko unibertsalak konfesioen arau moralen gainetik daudela».

Oro har, jarrerak bi dira. Batetik, laizismoaren defendatzaileek diote erlijioa lantzeko ardura indibiduala dela, sinesmenak izatea kontu pertsonala delako. Bestalde, konfesioen jarraitzaileek eskatzen dute erlijioa hezkuntzan presente egotea, gazteak nola hezi aukeratzeko era izateko. Bai Andoni Gorospe erlijio irakasleak eta bai Nieves Maya eta Jose Javier de Egilaz eskola zuzendariek argudiatu dute erlijio irakaspenek balio unibertsalak errespetatzen dituztela. Hots, ez dutela elkar jaten. Hezteko moduari ematen zaion ikuspuntua izango litzateke aldatuko litzatekeena, alegia, hezteko era. Gorospek zehaztu du, hain zuzen ere, Ebanjelioaren ikuspuntu «humanista» batekin hezten dituztela ikasleak. «Balio transzendental eta garrantzitsuak ditu Ebanjelioak, bizitzarako balio dutenak».

Etika oinarri

Balio konfesionalak, dena den, zalantzan jartzen dituzte Steilas eta Laikotasuna elkarteek; esaterako, erlijio monoteistetan emakumeei eman izan zaien tokiagatik. Hainbat arlotan, gainera, curriculumeko edukien arteko talka izaten dela argudiatu dute. Gizakiaren sorrera erabili du adibide moduan Zubizarretak: Darwinen teoriak eta Adam eta Evaren istorioak talka egiten dute. «Balio etiko eta sozialak lantzen badituzte, gizartean orokorrean onartutakoak, zergatik eman behar da erlijioa? Denek izan dezatela irakasgai berdina».

Hain justu, erlijioarengatik ikasgeletan ematen den banaketaren inguruan ohartarazi dute laizismoaren aldekoek. Izan ere, balioekin lotutako irakasgai bat jasotzen dute ikasle batzuk; besteek, berriz, beste bat. Ikasle guztiek eduki berberak jasotzea eskatzen dute. «Demagun lantzen dugula berdintasuna edo familien aniztasuna», azaldu du Perezek, «batzuekin landuko genuke, eta beste batzuekin ez. Gai garrantzitsuak dira, denek merezi dute eduki berbera jasotzea».

Aldiz, kolokan jartzen dute erlijioaren aldekoek etika unibertsal batean oinarritutako hezkuntza baten eraginkortasuna. Oinarri objektiboa eta aseptikoa duela iruditzen zaie. «Denok transmititzen dugu pentsatzen duguna, uste duguna, sentitzen duguna», azaldu du Mayak. «Bestea oso robota iruditzen zait». Erlijio irakastearen aldekoek, halaber, uste dute irakasgaia gutxietsia edo gaizki ulertua dagoela. Sarri katekesiarekin lotzen dela salatu dute, hots, Agur, Maria eta antzekoak errezatzeko erabiltzen dela. «Erlijioa ulertu behar da: ikurrak, izenak eta abar», esan du De Egilaz zuzendariak.

Imanol Zubizarretak bat egiten du erlijioaren eragina ulertzeko behar horretan, baina ñabardura eginda: ez dauka aparteko ikasgai bat izan beharrik. «Filosofia, historia edo arte ikasgaietan aztertu eta ikas dezakete ikasleek erlijioaren eragina. Ni ez noa ukatzera daukan balioa». Eskoletan federik ez dutela eskatzen nabarmendu du Gorospe irakasleak: «Erlijioa bizitzea eskaini egiten da, ez behartu». Erlijioen ikurrak eta euren sorrera ikasten dituztela zehaztu du, fededuna izan edo ez norberaren esku dagoela. «Erlijioa bizitzea beste kontu bat da», esan du Maya zuzendariak ere. «Erlijio irakasgaian ikasleak ez du erlijioa bizitzen. Gure eskolako giroan igarri egiten da erlijioa».

Fedea beste sinesmen edo ideologiekin alderatzen dute Zubizarretak eta Perezek, aldea agerian uzteko. Marxismo ideologian sinesten duen batek, esaterako, eskolan irakasgai bilakatzeko eskubidea izango lukeen galdetu dute. «Norberaren sinesmenek eskolatik kanpo gelditu behar dute», ondorioztatu du Zubizarretak. «Plurala izan behar du eskolak, guztientzat irekia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.