Irudi ona ez da nahikoa

Osasunak laugarren jardunaldiko atzeratutako partida jokatuko du gaur Granadaren zelaian, eta Lucas Torro da berritasun nagusia deialdian

Oier Sanjurjo pase bat ematen aurrean Sergio Ramos duela, larunbateko lehian. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Osasunak itxura ona eman du ligako azken partidetan, eta bi puntu urratu ditu sailkapenaren goialdean dauden bi talderen kontra: Realaren eta Real Madrilen kontra. Baina sailkapenaren behealdean dago Jagoba Arrasateren taldea, eta halakoetan, ondo sentitzeaz gainera, beharrezkoa da puntuak hirunaka biltzea. Gaur hori lortzen saiatuko da, Granadaren zelaian. Egutegi kontuengatik atzeratutako laugarren jardunaldiko norgehiagoka jokatuko du talde nafarrak.

11 jardunaldi daramatza Osasunak hiru puntuak eskuratu gabe. «Hori hor dago, baina taldea funtzionatzen ari da. Gero eta talde deserosoagoa gara aurkarientzat, eta, hala jarraituz gero, iritsiko dira dira garaipenak. Uste osoa dut taldean», adierazi zuen atzo, partida atariko agerraldian Arrasatek. Funtsezkoa iruditzen zaio teknikariari atzean erakutsitako sendotasunari eustea.

Granadaren inguruan ere hitz egin zuen Arrasatek. «Aurreko sasoiko talde izaera sendoari eusten dio, eta, gainera, zelai erditik aurrera aurrerapauso bat eman du. Jokalari erabakigarriak ditu, eta kontu handiz ibili beharko dugu».

Igandean Espainiako Kopako final-hamaseirenetako partida du Osasunak Espanyolen kontra. Baina horri ez dio erraparatu nahi Arrasatek. «Jokalarien egoera kontuan hartuta, ahalik eta hamaikakorik onena aterako dugu». Lucas Torro da berritasun nagusia deialdian. Bestalde, atzo jakin zen Atletico Madrileko hegaleko Manu Sanchez ekainera bitarte ariko dela utzita Osasunan.

Diego Martinez Granadako entrenatzaileak honela aztertu du bere talde ohia «Osasunak erritmo bizian jokatzen du. Oso zehaztua du bere estiloa, eta asko eskatuko digun partida izango da»

GRANADA-OSASUNA
Granada. Rui Silva; Foulquier, Domingos Duarte, German, Carlos Neva; Milla, Montoro, Yangel Herrera; Machis, Luis Suarez eta Soldado.
Osasuna. Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Roberto Torres, Oier, Iñigo Perez, Jony; Ruben eta Calleri,
Epailea. Gonzalez Fuertes.
Lekua. Los Carmenes.
Ordua. 19:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.