Hamaikak 'Zohardia' lana emango du

Josu Muguruzaren bizitzari buruzko dokumentala bihar ikusi ahalko da, 22:30ean

Xabier Oleaga, Itziar Aizpurua, Teresa Toda eta Jose Luis Elkoro. LANDER IRUIN.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Iaz 25 urte bete ziren Josu Muguruza HBko diputatua Madrilen hil zutela. Urteurrenaren bueltan, Muguruzaren bizitzari buruzko Zohardia dokumentala estreinatu zuten Bilbon, eta telebistaz bihar ikusi ahalko da aurrenekoz. Hamaikak Dokuteka saioaren barne emango du, 22:30ean. Gainera, Lander Iruin dokumentalaren egileari egindako elkarrizketa eskainiko dute —Markel Andia da lanaren beste zuzendaria—. Bilboko estreinaldiaren ostean, Euskal Herriko hainbat herritan proiektatu zuten dokumentala, eta «harrera ona» izan zuela azaldu du Iruinek. «Bartzelonako Euskal Etxean eman genuen, baita lehen mailakoak ez diren hainbat jaialditan ere».

Bi zuzendari gazteek Muguruzaren bizitzari gainbegiratu egiten diote Zohardia-n; 1984tik 1987ra Egin egunkarian Zohardia izengoitiarekin sinatzen zituen artikuluak, eta hortik dokumentalaren izena. «Askok esan digute pertsona berri bat deskubritu dutela lana ikusi eta gero. Egungo gazteentzat pertsona ezezaguna da Muguruza», nabarmendu du Iruinek.

Muguruzaren ingurukoak azaltzen dira hizketan lanean, kazetari eta politikaria nolakoa zen ezagutzeko aukera emanez. Txente Monton haurtzaroko laguna da horietako bat. Bilboko Errekalde auzoko aktibistak eta gaztaroko lagunak azaltzen dira, tartean Josu Prats eta Maria Luisa Menendez. Juan Antonio Madariaga Madari ETAko kide ohia atxilotu zutenean, orduan egin zuen ihes Muguruzak, eta haren lekukotza jasotzen dute egileek. Baita Iñaki O'Shea ASK-ko militante ohiarena ere.

1980ko hamarkadan Baionan bizi zen giroa islatzen du dokumentalak. Horretarako lagungarri dira Ladix Arrosagarai, Xan Goenaga eta Jakes Bortairu Baionako AEK-ko irakasleen hitzak eta Joxean Intziarte eta Juantxo Nafarrete errefuxiatuenak ere. Kartzelako kontuak azaltzen dituzte Tomas Karrera eta Xabier Ioldi preso ohiek.

Egin egunkarian kazetari garrantzitsua izan zen Muguruza, eta haren kazetari lanaz ari dira dokumentalean Mertxe Aizpurua, Martin Garitano eta Iñaki Altuna Egin-eko langile ohiak, baita Fermin Muguruza ere. Jabier Salutregi Egin-eko zuzendari ohiaren hitzak telefonoz jaso zituzten egileek, kartzelan zela. Muguruzaren artikuluen garrantziaz mintzo dira, halaber, Xabier Arzalluz EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente ohia eta Luis R. Aizpeolea El País-eko kazetaria.

1989an, Muguruza hil zuten egunean, harekin ziren Xabier Oleaga, Iñaki Esnaola, Teresa Toda eta Itziar Aizpurua. Haien lekukotza jasotzen du dokumentalak. Baita Iñigo Iruin eta Jose Luis Elkororenak ere. Muguruzak politikari gisa izan zuen garrantziaz hitz egiten du Rufi Etxeberriak. Haren alde pertsonalaz, Elena Bartolome bikotekideak. Ane Muguruza alabaren hitz hunkigarriak ez dira falta lanean.

Dokumentalaren zuzendariak gustura daude Hamaikak lana emango duelako. «Ahalik eta gehien hedatzea da nahi duguna, eta Hamaikaren proposamena oso ondo hartu genuen», dio Iruinek. Euskal Telebistatik ez dute deirik jaso, oraingoz; grabaketetan ari zirela «interesa» azaldu zuen telebista publikoak. «Pena ematen digu ETBk gure lana ez ematea, batez ere kontuan hartuz azkenaldian igande gauetan gertuko memoria historikoarekin lotutako dokumentalak ematen ari direla». 2013an, Jose Mari Sagardui Gatza-ren 31 urteko espetxealdiaz lan bat egin zuen Iruinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.