HILBERRIA Javier Miranda

Gertukoa zaleekin eta jokalariekin

RAUL BOGAJO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Javier Miranda (Gasteiz, 1954) hil da, 1998. eta 2002. urteen artean Osasunako presidente izandakoa. Nafarroako taldeak eman zuen albistearen berri atzo, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez. Mirandak 65 urte zituen, eta Nafarroako Ospitalean zendu zen herenegun. Iazko udatik zegoen gaixorik.

Mirandak 1998ko urtarrilaren 29an hartu zuen Osasunako presidente kargua. Hauteskundeetan 400 botorengatik irabazi zion Pedro Pegenauteri: 1.732 boto lortu zituen Mirandak, eta 1.305 Pegenautek. Ez ziren garai errazak Osasunarentzat. Artean Bigarren Mailan zegoen. Enrique Martin izan zen bere lehen entrenatzailea, eta, ondoren, Miguel Angel Lotina fitxatu zuen. Haren eskutik, nafarrak Lehen Mailara igo ziren 1999-2000ko denboraldian. Handik aurrera, Osasuna Lehen Mailan sendotu zen, eta hamalau sasoi egin zituen bertan. Aurrenekoetan, ordea, sufrituta eutsi zion mailari. Mirandak oso barrutik bizitzen zuen partida bakoitza, eta gogoangarria izan zen 2000-2001eko sasoiko azken partidan, Realaren kontra mailari eutsi eta gero, Kontxako hondartzan hartu zuen bainua.

Oso harreman estua zuen jokalariekin, eta horietako askorekin oraindik ere hitz egiteko ohitura zuen: Alfredo, Gancedo, Armenterosekin, bai zaleekin ere. Makina batek agurtu zuten atzo sare sozialetan idatzitako mezuen bidez.

Sadar futbol zelaia Bai Euskarari ekitaldirako utzi zuen, 1998ko abenduaren 26an. Halaber, segurtasun indarrei aurre egin zien, bi zalek Espainiako Poliziarekin izandako arazo baten ostean. Poliziak ez zien bi zaleei estadioan sartzen utzi nahi miatzeari uko egin zietelako, baina Mirandak bere ondoan esertzeko gonbita egin zien. Gerora garesti ordaindu zuen erabakia; izan ere, Polizia joan zen bere bila Poliziari gogor egin izana eta haien segurtasuna arriskuan jartzea egotzita. Ez zen bigarren agintaldi batera aurkeztu, eta Patxi Izkok hartu zuen haren lekukoa.

Gasteizen jaio zen, baina aita Tuterakoa (Nafarroa) zuen, eta 6 urterekin joan zen Iruñera bizitzera. Abestea atsegin zuen, eta hainbat taldetan kantatu zuen. Ohikoa zen Xabierrerako erromesaldietan ikustea. Gaztetan, gainera, sanferminetako entzierroa korritu zuen. Egun, Iruñeko kafetegi baten jabea zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.