Peter Wadhams. Cambridgeko Unibertsitateko ikertzailea

«Urtebete barru, ez dut uste udan izotzik egongo denik Artikoan»

Gutxi dira Artikoa Wadhamsek bezainbeste aztertu eta ezagutzen dutenak. Etorkizun iluna aurreikusten du, egoera «larria» baita. Uste du dagoeneko berandu dela, eta prozesua geldiezina dela.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2017ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Urte mordoa daramatza Peter Wadhams Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileak Artikoa aztertzen. Itsas izotzean aditua da, hau da, itsasoko ura izozten denean sortzen den geruzan, eta Erresuma Batuko espezialistarik handiena da. Klima aldaketak ingurumenean izango dituen ondorioez mintzatu zen uztailean EHUko udako ikastaroetan, Miramar jauregian (Donostia).

Urte mordoa daramazu Artikoa ikertzen: 50 bidaia baino gehiago egin dituzu hara.

1970ean hasi nintzen. Urte hartan egin nuen lehen bidaia. Orduan, oso informazio gutxi zegoen Artikoaren inguruan, eta beharrezkoa zen hara joatea izotzari buruz zer edo zer aztertzeko eta ikasteko; ez geneukan egun daukagun teknologia. Itsasontziz eta hegazkinez joaten ginen.

Zein egoerak izan du eragin handiena zugan?

Zailtasun handiekin egin dut topo fenomeno hau aztertzen, baina bidaiarik arriskutsuena bidaiarik «erosoena» izan zen. Itsaspeko militar batean joan ginen, eta bat-batean leherketa bat gertatu zen. Bi pertsona hil ziren, eta bi ordu luzez egon ginen kez inguratuta. Itsaspekoa hondoratzeko arriskuan zegoen, eta lehenbailehen atera behar genuen uretatik. Hori izan zen, 40 urtez lanean aritu ostean, hil egingo nintzela pentsatu nuen lehen aldia.

Zein da Artikoaren etorkizuna?

Oso ilun ikusten dut. Gero eta izotz gehiago ari da urtzen, uda partean batik bat. Urtebete barru ez dut uste udan izotzik egongo denik Artikoan. Eta izotza urtzearekin batera, gero eta metano gehiago azaleratuko da itsaspetik.

Berotegi efektua karbono dioxidoarekin lotzen dugu segituan. Baina zer gertatzen da metanoarekin? Zein da arriskutsuagoa?

Metanoa karbono dioxidoa baino 23 aldiz indartsuagoa da. Hala ere, metanoa askoz azkarrago desagertzen da, oxidatu egiten baita, eta atmosferan zazpi edo zortzi urtez baino ez da geratzen. Bestalde, karbono dioxidoa 100 urte inguru geratzen da sistema klimatikoan, eta, ondoren, itsasora erortzen da. Ondorioz, itsaspeko fauna hil egiten da, eta itsas hondoan geratzen da pilatuta. Hori da, behintzat, zientzialariek uste dutena. Gaur egun, badira karbonoa 1.000 urtez atmosferan geratzen dela uste duten adituak.

Zer egin dezake gizarteak arazoari aurre egiteko?

Nire iritziz, inor ez da ezer egiten ari. Interesa duten bakarrak petrolioaren industriako jabeak dira. Lehengaia sedimentuetatik azaleratzen ari da. Beraz, gero eta errazago izango da petrolioa eskuratzea: haustura hidraulikoaren bidez atera ahalko dute. Interes hutsa baino ez da.

Gizarteak karbono dioxido gutxiago isuri behar du?

Ez litzateke nahikoa izango; berandu da. Karbono dioxidoaren arazoa da atmosferan geratzen dela, eta ezin dela hortik kanporatu. Isurien kopuruak zero izan beharko luke orain dagoenari gehiago ez gehitzeko, baina ezinezkoa da gaur egun hori gertatzea horren azkar.

Zein izango dira ondorioak?

Itsas mailak gora egingo du, eta, horrekin batera, uholde gehiago egongo dira, baita ekaitzak ere, eta uzta sailak desagertuko dira. Gainera, herrialde pobreek garatuek baino ondorio larriagoak pairatuko dituzte. Petrolioa errazago aurkituko dute, baina Artikoko biztanleek zailtasun handiak izango dituzte ingurumen berrira egokitzeko.

Zer iruditzen zaizkizu geoingeniaritzaren esparruko proposamenak?

Jende asko dago kontra, baina ni alde nago. Ez nago alde «izugarria» iruditzen zaidalako, baizik eta uste dudalako konponbide bakarra dela. Horrenbesteko kutsadura izanda, atzera egiteko aukera bakarra karbono dioxidoa atmosferatik kanporatzea litzateke, eta oraindik ezezaguna zaigun metodo berri bat erabili beharko litzateke.

Irtenbide arriskutsua eta antidemokratikoa dela salatu dute, besteak beste, ekologistek: biztanleria osoarengan izango luke eragina horrelako metodo bortitz batek.

Egia da ondorio txarrak izango lituzkeela, baina karbono dioxidoaren isurketa ere antidemokratikoa dela esan dezakegu. Herrialde aberatsetako biztanleek isurtzen dute gehien, eta herrialde pobreetakoek pairatzen dituzte horren ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.