KRONOLOGIA

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
1968ko abenduak 7: Espainiako Poliziak Unai Dorronsoro ETAko kidea atxilotu zuen. Handik gutxira, Julen Kaltzada atxilotu zuten.
1969ko urtarrilak 5: Gregorio Lopez Irasuegi eta Xabier Izko de la Iglesia ETAko kideak Iruñeko kartzelara sartu ziren, Arantza Arruti burkidea handik ateratzeko asmoz. Saioak huts egin zuen.
1969ko martxoak 6: Xabier Larena atxilotu zuten Eibarren.
1969ko martxoak 8: Jokin Gorostidi eta Itziar Aizpurua atxilotu zituzten, Deban. Tortura gogorrak salatu zituzten.
1969ko martxoak 15: Antton Karrera atxilotu zuten.
1969ko apirilak 9: Bilboko Artekale kaleko etxebizitza batean, Mario Onaindia, Josu Abrisketa eta Victor Arana atxilotu zituzten. Azken hori balaz zauritu zuten.
1969ko apirilak 11: Mongrovejo herrixkan (Espainia), Jone Dorronsoro, Jon Etxabe, Teo Uriarte eta Enrike Gesalaga atxilotu zituzten. Azken hori balaz zauritu zuten.
1970eko azaroak 25: Burgosko kapitaintza jeneralak audientzia publikorako deia egin zuen. Horrekin finkatu zen epaiketa hasteko eguna. Hamasei auzipetuentzako eskaria: sei heriotza zigor eta 752 urteko kartzela zigorrak.
1970eko abenduak 1: Hamar mila lagunek epaiketaren kontrako manifestazioa egin zuten Parisen.
1970eko abenduak 2: Alemaniak Donostian zeukan ohorezko kontsul Eugen Beihl bahitu zuen ETAk.
1970eko abenduak 3: Epaiketa hasi zen. Grebak, mobilizazioak eta kale istiluak hasi ziren Euskal Herrian. Iturri ofizialen arabera, ehun atxilotu izan ziren epaiketaren lehenengo egun hartan.
1970eko abenduak 4: Epaiketaren kontrako mobilizazioei aurre egin nahian, Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak salbuespen egoera ezarri zuen Gipuzkoan hiru hilabetez. Hala ere, greba eta mobilizazioak orokortu egin ziren, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian, eta manifestazio batean Roberto Perez Jauregi gaztea tiroz zauritu zuten guardia zibilek Eibarren.
1970eko abenduak 6: Auzipetuak deklaratzen hasi ziren. Josu Abrisketa, Itziar Aizpurua, Victor Arana eta Julen Kaltzada mintzatu ziren, eta, epaileek behin baino gehiagotan eten eta hitza kendu bazieten ere, jasandako torturak eta ETAko kide izateko arrazoiak azaltzen saiatu ziren.
1970eko abenduak 7: Nazioarteko prentsak jaso zituen auzipetuen adierazpenak. Egoera kontrolpetik ateratzen ari zela iritzita, auzia etetea erabaki zuen epaimahaiak, Troncoso epailea gaixorik zela argudiatuta.
1970eko abenduak 8: Perez Jauregi, lau egun lehenago zauritutako gaztea, hil egin zen. Berriro ekin zioten epaiketari, Xabier Izko de la Iglesia, Unai Dorronsoro, Arantza Arruti, Teo Uriarte, Gregorio Lopez Irasuegi, Xabier Larena, Jone Dorronsoro, Jokin Gorostidi, Enrike Gesalaga, Jon Etxabe eta Mario Onaindia akusatuen adierazpenekin. Onaindiaren adierazpena amaituta, epaiketa apurtu zuten akusatuek, «Gora Euskadi askatuta!» oihuka eta Eusko gudariak abestuz.
1970eko abenduak 9: Epaiketa amaitu zen. Horrekin batera hasi ziren apaltzen herri mobilizazioak; hala ere, hurrengo egunetan ere manifestazioak egon ziren.
1970eko abenduak 12: Epaiketaren kontrako protestek Euskal Herriko mugak gainditu zituzten, eta asteburu osoan mobilizazioak egon ziren Alemanian, Belgikan, Frantzian, Italian, Mexikon eta Venezuelan, besteak beste. Manifestazio horietako batean gazte bat hilik suertatu zen Milanen (Italia). Kataluniako hirurehun bat artista eta intelektualek itxialdia egin zuten Montserrateko monasterioan.
1970eko abenduak 15: Frantziako sindikatuek bost minutuko lanuztea antolatu zuten.
1970eko abenduak 24: ETAk libre utzi zuen Eugen Beihl Alemaniako kontsula.
1970eko abenduak 28: Epaimahaiak zigorren berri eman zuen: bederatzi heriotza zigor —eskatutakoak baino hiru gehiago— eta 519 kartzela urte. Unai Dorronsoro, Mario Onaindia, Xabier Larena, Teo Uriarte, Jokin Gorostidi eta Xabier Izko de la Iglesia zigortu zituzten hiltzera, azken hirurei bina heriotza zigor ezarrita.
1970eko abenduak 30: Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak indultua eman zuen, eta indarrik gabe utzi zituen heriotza zigorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.