ERAZTUN MOREA. Zhang Shan

1992. urtea

Gizonei nagusitu zitzaien plater tiroketan, lehiaketa mistoa izan den olinpiar joko bakarrean, bartzelonan.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Sailkatze fasean 150 plateretatik guztiak birrindu zituen tiro eginda; finalerdian, 200dik 200 —marka olinpikoa ezarri zuen, eta munduko marka berdindu—; eta, finalean, 225 plateretatik 223 jo zituen. Urrezko domina irabazi zuen.

Zhang Shan tiratzaile txinatarra nagusitu zen plater tiroketan 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan. Gizonei nagusitu zitzaien. Urte hartan lehiaketa mistoa izan zen —orduan bakarrik— eta Shan izan zen finalerako sailkatu zen emakume bakarra. Irabazi egin zuen. «Garai hartan ez nintzen ni, aurretik programatutako makina bat baizik», esan izan du Shanek garai hartan eskaintzen zuen mailaz.

16 urterekin hartu zuen lehen aldiz eskopeta bat, eta geroztik eskopetei eta tiroei lotuta egin du bizitza. Hasi eta urtebeterako konturatu ziren Shanek aparteko maila zuela. 21 urterekin, Munduko Plater Tiroketako Txapelketa irabazi zuen, bai banakakoen mailan, bai taldeenean.

Bartzelonako Jokoak eta gero, emakumeek ezin izan zuten parte hartu, gizonen lehiaketa soilik egin baitzuten. Shanek lehiaketak utzi zituen eta unibertsitate ikasketak izan zituen lehentasun.

2000. urtean, ordea, Sydneyko Olinpiar Jokoetan, berriro bueltatu zen emakumeen plater tiroketako lehiaketara. Zhang Shanek entrenatzeari ekin zion, eta parte hartzeko aukera ere lortu zuen, 1998ko Munduko Kopa irabazita, Kairon. Olinpiar Jokoetan zortzigarren amaitu zuen, finaletik kanpo.

Lehiatzen jarraitu zuen. Munduko Txapelketa irabazi zuen Txinako taldearekin, 2007an. Urrezko domina 2010eko Asiako Jokoetan. 2017ko uztailaren 26an, Bartzelonan urrezko domina irabazi eta 25 urtera, zilarrezko domina eskuratu zuen Txinako Txapelketan, 49 urterekin. 75 plateretatik 73 jo zituen.

«Ez dut neuk erabakiko noiz erretiratuko naizen», Shanen arabera. «Egunen batean atleta gazteek kanporatu egingo naute, eta ez didate utziko sailkatzen». Gazteentzako eredutzat du bere burua, eta hala izan nahi du: «Zelaian nagoenean, niri begira daudela sentitzen dut, eta nire onena eman behar dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.