Alaves Malagan ariko da gaur, 50 puntuen langa helburu hartuta

enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Salbazioa orain bi aste ziurtatu zuen Alavesek, eta ligako azken txanpak garrantzi eta zirrara oro galdu du Arabako taldearentzat. Hiru partida falta zaizkio, eta ohorea du bakarrik jokoan. Edonola ere, Abelardok ez du nahi taldea bertan goxo gelditzea, eta erronka bat ipini dio: 50 puntura iristea. Oraintxe, 41 puntu dituzte arabarrek; beraz, azken hiru partidak irabazi beharko lituzkete hori lortzeko. Hori gogoan izanik, gaur Malagaren zelaian jokatuko dute.

Azken neurketak ordezkoei minutuak emateko erabiltzeko asmoa du Abelardok. Hala egin zuen iragan jardunaldian, Atletico Madrilen kontra, eta gaur apustuari eutsiko dio. «Gutxi parte hartu dutenei aukerak ematen saiatzea da nire ideia. Horrek ez du esan nahi lehiakorrak izan eta kosta ahala kosta irabazten ahaleginduko ez garenik». Hasieratik aritzeko aukera izan dezakete Alexisek, Maripanek, Wakasok eta Santosek. Bestalde, zerrendan tokia egin duteDemirovicek eta Victor Lopezek, baita Joritz Landeta atezain gazteak ere. Siveraren lekua beteko du. Pedraza eta Sobrino ere Gasteizen gelditu dira, txartel pilaketa tarteko.

Malaga ere aparteko akuilurik gabe ariko da gaur, dagoeneko jakina baita datorren sasoian Bigarren Mailan ariko dela. Realari 2-0 irabazi zion orain bi aste, eta gaur zaleei beste garaipen bat eskaintzen saiatuko da.

MALAGA-ALAVES

Malaga. Andres Prieto; Rosales, Ignasi Miquel, Luis Hernandez,Gonzalez; Lestienne, Lacen, Iturra, Adrian; Rolan eta En-Nesyri

Alaves. Pacheco; Alexis, Maripan, Ely, Dieguez; Ibai, Dani Torres, M. Garcia, Wakaso; Munir eta Santos

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. Rosaleda (30.044 ikusle).

Ordua. 12:00etan (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.