Kontxako Bandera

Altxorra bai, baina ez dira fio

Hondarribiak beste inork baino gertuago dauka garaipena, lehen igandean erakustaldia emanda. Zierbena du bandera irabazteko aurkari nagusia, baina ia zortzi segundora du

Hondarribiko arraunlariak ahalegin betean, ziabogatik atera berri, igandean, Donostiako Kontxako Banderako lehen jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Iraganak hauxe dio: Zarauzko ikurrina irabazi duen taldea ez da urrun ibiltzen arraun munduan prestigio eta balio handiena duen banderaren lehiatik, hots, Kontxako Banderatik. 2018 eta 2019an, esaterako, bi bandera horiek astintzea lortu zuen Hondarribiak. Bada, hirugarrena erreskadan erdiesteko bidean dira Mikel Orbañanos eta haren kuadrilla, herenegun, Kontxako Banderako lehen jardunaldian lehen kolpea eman ostean.

Hondarribiarren badituzte gustura egoteko arrazoiak. «Estropada biribila atera zitzaigun», esan du Manex Aldai Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1990). Egin du antzekotasunik Zarauzko estropadarekin. «Horrelako itsasoarekin arraunean ondo eta indarrez ibiltzeko gai garela erakutsi dugu». Lorpen horrek, behinik behin, taldeari zerbait eman badio, «konfiantza» izan da. «Gure taldekideengan asko sinesten dugu, eta beste gauza askoren gainetik lagunak gara».

Bestelako aldartean dira Zierbenakoak. Bigarren izan ziren, baina ia zortzi segundora. «Tristura sentitu genuen. Izan ere, ziabogatik lehenak irten, eta bi minutuan haiek guri aurrea hartu ziguten. Hondarribia talde txapelduna da, eta ezin izan genien eutsi. Ahoko zapore gazi-gozoarekin amaitu genuen», atera zaio barru-barrutik Mikel Portularrume Paorra arraunlariari (Aia, Gipuzkoa, 1983).

Ohi bezala, kale zozketak berebiziko garrantzia izaten du, baita zeresana eman ere. Hondarribiarrak hirugarren kaletik joan ziren; Zierbenakoak, bigarrenetik. Aldaik balorazio hau egin du: «Egia da lehenengo kale horietatik azkar irteten zinela; itzulerakoan, berriz, kanpokoak ziren hobeagoak». Aitortu du probetxua atera ziotela egokitu zitzaien kaleari, «lan ona eginez», noski. «Norberak bere itxurarik onena ez badu ematen, nekez lortuko du aurrean ibiltzea. Beste sekreturik ez dago».

Itzulerako luzean, Zierbenakoek hirugarren kalera hurbildu nahi izan zuten, olatuak garbiagoak heltzen baitziren. Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroiak, ordea, ondo baino hobeto zekien 31 eskutik zuela. Aldaik Amunarrizek egindako lanari balioa eman dio. «Horrelako egoerak oso ondo irakurtzen eta kudeatzen ditu Iosebak. Patroi batek egin dezakeen estropadarik onena egin zuen», aurkariaren kalterako, noski. «Itsasoko epaileak ababorrera joateko agindu zigun, eta horrek apur bat gure arraunketatik ateratzea eragin zigun», azaldu du Portularrumek. Ama Guadalupekoa ontziak pare bat olatu hartu eta hanka egitea lortu zuen.

Hondarribiak Zierbenarekiko 7,92ko altxorra duen arren, Aldai zuhurtasunez mintzo da: «Bandera ez dago inolaz ere erabakita. Zazpi segundoko aldea garrantzitsua da, baina ikusi dugu Zierbenak denboraldian zehar alde hori atera digula estropadaren batean. Maila handiko taldea da». Portularrumek, berriz, eskarmentua lagun duela ondo asko daki alde hori iraultzeko itsaso mugitua mesedegarria izango zaiela. Iragarpenak, oraingoz, hala dio. «Zazpi segundo atzetik gauden arren, irabaztera aterako gara hurrengo igandean; itsasoak jarriko du bakoitza bere lekuan».

Bestalde, Hondarribia eta Zierbenarekin batera arituko dira Santurtzi eta Orio, eta Aldaik ez ditu baztertzen banderen lehiarako: 19,36ra dago lehena, eta 23,62ra bestea. «Talde horietako bati egun biribila ateratzen bazaio, ez dakizu noraino irits daitekeen. Nahiz eta alde hori gure alde egon, datorren igandean berriz ere zerotik hasiko gara». Zierbenako arraunlariak ere ez ditu beste biak aparte uzten: «Banderari begira Hondarribiaren eta gure artean lehiatuko den arren, edozer gerta liteke; Kontxa Kontxa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.