Nahia Diaz de Corcuera. Arabako Gurutze Gorria

«Zama emozional handiarekin etortzen dira sarri askotan»

arantxa iraola
2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Arabako Gurutze Gorriak iheslariei harrera egin eta haiei bidean laguntzeko duen programako arduraduna da Nahia Diaz de Corcuera. Hemezortzi hilabeterako proposamen bat egiten diete, lagungarri izan daitekeelakoan. Alor psikologikoan ekartzen dituzten premiei arta handiz erreparatu behar zaiela uste du.

Zein arazorekin etortzen dira normalean asilo eskatzaileak?

Familiaren berri ez izateak sortzen die ezinegon handia askotan. Bakarrik ihes eginda etortzen dira maiz: gurasoak, bikotekidea, seme-alabak utzita askotan... Haien berri ez izateak, urruntasunak, kezka sortzen die. Ihes egin aurretik bizi izandako egoerek ere ezinegona sortzen diete askotan, eta gogorra da, oro har, haientzat arrotza den ingurune batean egotea eta babestuko dituen gune bat ez izatea. Eta ezinegonerako motibo nagusietako bat izaten da etorkizuna: haiekin zer gertatuko den ez jakitea...

Izan ere, asiloa eskatzeko prozesua ez da samurra izaten...

Hain zuzen ere. Lehen hilabetean, esaterako, artegatasun handia izaten dute; Poliziaren aurrean aurkeztu eta asilo eskakizuna onartuko dieten jakin arteko tarte hori ez da erraza. Eta, behin onartuta ere, asko luzatu daiteke azken ebazpena lortu arteko prozesua. Denek ez dituzte baliabideak izaten horri aurre egiteko.

Hortxe sartzen zarete zuek, harreran diharduzuen gobernuz kanpoko erakundeak. Nolako laguntza eskaintzen diezue?

Hemezortzi hilabete inguruko programa bat eskaintzen zaie. Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministeriotik erabakitzen dute zein zentrotara bideratu, eta tokiren batean nolabaiteko sustraitze motaren bat badute, toki horixe lehenesten da. Lehen sei hilabeteetan zentro horretan egotea eskaintzen zaie: bertan janaria eta bizitzeko toki bat bermatua izaten dute. Hor poliki-poliki lanean hasten gara haiekin; gizarteratzeko baliabideak ematen joatea izaten da helburua, behin epe hori pasatuta autonomia izaten has daitezen, eta ahal bada ikasketaren bat egiten ere laguntzen diegu. Gaztelaniarik ez badakite, berriz, hizkuntza ikastea izaten da lehendabiziko urratsa.

Hautazkoak dira programa horiek, ezta?

Guztiz borondatezkoak.

Familian heltzen dira zenbaitetan iheslariak. Errazagoa izaten da haientzat prozesu guztia?

Bai, hala da. Batez ere beren artean oinarri bat izaten dutelako era horretan. Familian etortzeak dakarkie norbait ezagutzea inor ezagutzen ez duten toki batean.

Ihesean datozen pertsonak dira, gorriak ikusitakoak usu. Horrek ere aztarna utziko du, ezta?

Zama emozional handiarekin etortzen dira sarri askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.