Jabi Soto. Argazkilaria

«Egiten dudan argazki bakoitza bakarra da»

XIX. mendean girotutako gizartearen edo bataila baten antzezpena badago Euskal Herrian, litekeena da bertan egotea Soto. Garai hartako argazkilaritza metodoekin ateratzen ditu argazkiak, errealismo osoz.

ELENA MENO.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Iraganaren antzezpenak egiten diren deialdietara jende ugari inguratzen da horiek ikustera, baina momentu horiek erregistratzera joan ohi dira argazkilari ugari ere. Horietako gehienek argazki kamera digitalekin egiten dute, eta beste gutxi batzuek, garai hartan erabiltzen ziren argazki kamerekin. Horietako bat da Jabi Soto (Gasteiz, 1976). XIX. mendeko argazkilaritza modua erabiltzen du berak garai horietan girotutako antzezpenak erregistratzeko.

Iraganeko batailen antzezpenak modan daude. Zergatik dela iruditzen zaizu?

Historiarekiko sentiberatasun berezia dagoelako gaur egun, eta, nolabait, historia hori liburuetan bilatu beharrean, nola gertatu zen sorberritzea nahiago dute askok. Ez da jarduera masiboa, baina leku askotan ari dira antolatzen. Bakoitzak bere helburua izango du, baina historia ezagutzeko helburuarekin egiten da.

Eta zein da zure helburua argazki horiek ateratzeko garaian?

Ni, izatez, artearen historian lizentziaduna naiz, eta argazkilaritzaren historian espezializatu naiz. Prozesu historiko guztia ezagutzea oso interesgarria da, eta, praktikan jartzen baduzu, askoz hobeto. XIX. mendeko prozesuak ikasi nituen. Batzuek modu garaikidean erabiltzen dute modu hori, eta besteek, modu historikoan. Nik bietan egiten dut, polita baita garai bateko antzezpen bat egitean argazki modu berdinak erabiltzea.

Hori egiten zaizu erakargarria?

Zentzu historikoan egiten zait erakargarria, eta, gainera, praktikatu egiten dut. Baina pentsa sorberritze batera joaten naizeneanjendeak zer aurpegi jartzen duenargazkia garaiko modu berean egiten dudanean.

Kasik antzezpenetako pertsonaia bat gehiago zarela, alegia.

Bai. Kazetariak bagina bezala hasi ginen, eta, besteek batailetako jantziak dituztenean, gu zibil jantzita goaz. Garai horretan hasi baitzen, gerra kazetaritza ere.

Antzezpenak dibulgazio lanak egiteko baliatzen dituzte. Zuen asmoa ere hori da?

Zabalpen lana ere egiten dugu, eta laborategi eramangarria jartzen dugu denen bistara. Argazkiak zuzenean egiten ditugu, eta nahi duenak ikus dezake nola egiten dugun lan. Horretaz gain, argazkilaritza historikoaren gorabeherak ere kontatzen ditugu.

Balio dezake garai hura berriz bizi ahal izateko?

Bai. Egindako argazkiak zuzenean ikusita ematen dute garai hartakoak direla. Horrek ematen du aukera garai bateko historiarekin lotzeko, eta hori oso interesgarria iruditzen zaigu.

Antzezpen hauetako argazkilariek argazki dinamikoak bilatzen dituzte, batailetakoak. Zuen argazkiak, ordea, estatikoak dira...

Bai, baina horrek azalpen teknikoa dauka, garai hartako baliabideekin ezin delako ekintzako argazkirik atera. Segundo bateko esposizioa daukate, eta argazkia egiten zen leku berean errebelatu behar zen. Hasierako gerra argazkiak, Krimeako gudakoak edo AEBetako gerra zibilekoak izan ziren, eta horiek ere oso estatikoak ziren. Batzuk saiatzen ziren antzerki moduko bat egiten, baina artean ere estatikoak ziren. Eta argazkilariak, gainera, beti iristen ziren batailaren ostean. Horregatik dira hain estatikoak, eta horrela jokatu behar dugu guk ere. Kamera digitalekin dabiltzanak bataila erdian sartzen dira, eta askoz argazki dinamikoagoak ateratzen dituzte.

Eta zuri hori ez zaizu interesatzen?

Ez, ni pozik nago. nire interes arloa historikoa delako. Oso ondo pasatzen dut argazkiak horrela egiten. Nik egun oso batean hamar argazki egin ditzaket, asko jota. Kimikoak prestatu behar ditut, eta prozesua zaindu. Baina egiten dudan argazki bakoitza bakarra da, eta horrek gaur egun balioa ematen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.