Zer Baskonia ariko da gaur?

Gasteizko taldeak Anadolu Efes hartuko du gaur, Euroligako lehen sailkatua. Ezin da jakin nola jardungo duten etxekoek: serio, duela bi aste bezala, edo eskas, aurrekoan bezala. Sergi Garcia joko antolatzailea fitxatu dute.

Velimir Perasovic, Andorraren aurkako partidan. FERNANDO GALINDO / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ezin da jakin nondik joko duen Kirolbet Baskoniak denboraldi honetan. Gai da egun batean, etxean, Fuenlabradaren aurka lotsagarri geratzeko, eta hiru egun eskas geroago CSKA Moskuri, Euroligako txapeldunari, nagusitasunez irabazteko. Eta alderantziz. Gai da astebetean, Buesa Arenan, CSKA Mosku, Zenit San Petersburgo eta Valentzia mendean hartzeko, eta, jarraian, Panathinaikosen eta Andorraren kantxetan zabu-zabuka ibiltzeko.

Baskoniako zaleek aspaldi ez dakite zer talde ikusiko duten. Zalantza bera izango dute gaur. Baskoniak Anadolu Efes hartuko du, Euroligako aurreneko sailkatua (21:00, Dazn). Alde handia dago bi taldeen artean: Turkiakoak bederatzi partida irabazi ditu, eta bi besterik ez du galdu; Euskal Herrikoak, berriz, bost lehia irabazi ditu, eta sei galdu. Emaitzak kontuan hartuta, Anadolu Efes da garaipena lortzeko faboritoa. Baina duela bi aste CSKAk ere hala zirudien, eta Baskonia nagusitu zitzaion. Beraz, ezin jakin. Etxekoek egiten duten lanaren araberakoa izango da emaitza. Ondo arituz gero, aukera izango dute garaipen handi bat lortzeko, CSKA Moskuren aurka egin bezala. Aldiz, eskas arituz gero, arriskuan egongo diraastindua hartzeko, Maccabiren eta Panathinaikosen aurka gertatu moduan.

Baskoniaren jardun gorabeheratsuan eragin handia izan dute lesioek. Lehenbizi, Jayson Grangerrek hartu zuen min luzerako, eta, gero, Patricio Garinok. Hori gutxi ez, eta Luca Vildozak lesioa du eskuin sorbaldako lotailu batean, eta ikusteko dago zenbat denbora beharko duen osatzeko. Hori ikusita, klubak Sergi Garcia joko antolatzaile balearra fitxatu du sasoia amaitu arte. 22 urte ditu, 1,93 metro da luze, eta Alemaniako Rasta Vechta taldean ari zen, Valentziak utzita —kontratua eten du Herrialde Katalanetako taldearekin—. Ia hogei minutu jokatu ditu partidako, eta 8,3 puntu eta 3,4 asistentzia lortu ditu batez beste. Velimir Perasovicek atzo jakinarazi zuenez, gaur ez da ariko. Perasovicek, halaber, azaldu zuen beste norbait fitxatu nahi dutela. «Baina ez dugu nahi norbait fitxatu eta handik hilabetera damutu».

Ikusgarri ari da Larkin

Joko-antolatzaile postuan daukan zuloa nola edo hala estaltzeko fitxatu du Gasteizko taldeak Sergi Garcia. Horren beharrik ez du Anadolu Efesek. Jokalaririk sasoikoena du: Shane Larkin. Baskoniako jokalari ohia ikusgarri ari da, 24 puntu pasatxoko balorazioa lortu baitu partidako. Inork baino puntu gehiago sartu ditu, 22 lehiako. Baina azken partidan, Bayern Munichen aurka, txikitu egin zituen kopuru horiek: 49 puntu sartu zituen, eta 53 puntuko balorazioa lortu. Hori eginda, marka ezarri zuen Euroligan. «Larkinek aldea markatzen du, baina ez da bakarra. Bihar [gaur] beste batek egin dezake hori. Intentsitatez aritu beharko dugu», esan zuen Perasovicek. Eta arrazoi dauka, Anadolu Efeseko beste hiru jokalarik sartu baitituzte gutxienez hamar puntu lehiako: Vasilije Micicek (15,4), Bryant Dunstonek (11,4) eta Sertac Sanlicek (10,2). Apur bat apalago dabiltza Baskoniako beste bi jokalari ohiak, Rodrigue Beaubois (7,3) eta Tibor Pleiss (7,7).

Baskonia etxean ariko da, baina abantaila hori alferrikakoa izan da bi taldeek Buesa Arenan elkarren aurka jokatutako azken bi partidetan, bietan nagusitu baita Anadolu Efes. Bolada txarra eten eta bide zuzena topatzea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.