Dena dago prest Emakume Master Cup hasi eta frontoiak betetzeko

Igandean hasiko da Eskuz Binakako Txapelketako bigarren ekitaldia, Gasteizen. Bi mailatan banaturik, denera 50 bikote lehiatuko dira

Txapelketako antolatzaileak, babesleak, pilotariak eta epaileak, atzo, Gasteizko udaletxean, aurkezpenean. IÑIGO URIZ / ARP.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Pixkanaka-pixkanaka ari da sendotzen Emakume Master kopa. Igande honetan hasiko da Binakako Txapelketaren bigarren ekitaldia. Ehun pilotarik hartuko dute parte, iaz baino 20 gehiagok. 50 bikote izango dira, Promozio eta Lehen Mailan banatuta. «Emakumezkoen pilota oraindik egonkortu gabe dagoenez, kantitateari garrantzi handiago eman diogu kalitateari baino», azaldu zuen atzo Iker Amarika antolatzaileak, Gasteizko Udaletxean egindako aurkezpenean. Promozio mailan 42 bikote ariko dira, eta, Lehen Mailan, zortzi.

Igandean ekingo diote lehiari guztiek. Mendizorrotzako frontoietan, goiz eta arrats, egun guztiko jaialdia antolatu dute; lehen kanporaketan, promozio mailan, hiru bikotez osatutako multzoak eratu dituzte. Denek denen aurka jokatu beharko dute, eta bi bikote onenek aurrera egingo dute. Lehen Mailan, berriz, bi laukote osatu dituzte, eta hiru onenek egingo dute aurrera. «Bikote guztiek, gutxienez, bi partida jokatzea nahi genuen, esperientzia horren motza izan ez dadin».

Hurrengo kanporaketak Bizkaian izango dira: hilaren 17an edo 18an Markina-Xemeinen, martxoaren 3an edo 4an Larrabetzun, eta martxoaren 10ean edo 11n Zamudion. Finalerdiak, martxoaren 18an izango dira, Oñatin (Gipuzkoa), eta finala, martxoaren 25ean, Eibarko Astelena pilotalekuan. «Historikoa izango da, sekula ez baitute esku-huskan jokatu emakumeek Astelenan».

Partidak hemezortzi tantora izango dira, eta pilota goxoarekin ibiliko dira. «Bikote batzuek eskatu izan dute pilota mistoak jartzeko, baina jendea errazago anima zedin, pilota goxoak bakarrik egongo dira». Edonork eman zezakeen izena, eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroako eta Euskal Herritik kanpoko hainbat tokitako pilotariek hartuko dute parte. «Nabarmentzeko bikote asko osatu dira aurtengoan». Irabazleek garaikurra, txapela, babesleek eskainitako otarrea eta 200 euro irabaziko dituzte. Iaz Leire Etxaniz-Olatz Arrizabalagak irabazi zuten. Etxaniz lau eta erdikoan ere nagusitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.