Euskara, intimitatetik

Euskara biek dute gai: Frantxua Maitiak, Erakunde Publikoko (EEP) presidente den puntutik, eta Jakes Bortairuk, AEK-ko eragile gisa. Parada bat, hortaz, hizkuntzaz mintzatzeko, esperientzia pertsonaletatik abiatuz.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Euskararen gaiaz eta euskaraz biak luzaz mintza daitezke. Biak itxaropentsu hor ere. Baina ikuspegi ezberdinetatik hor ere. Bortairuk, agian teorizatuagoa duela gaia. Hizkuntza bat salbatzeko beharrezkoak direnak argi dituela: «Borondate politikoa, herriaren engaiamendua, tresnak, medioak eta legediak». Frantxua Maitiak, berriz, esperientzia oroitzapenez josten du gehiago.

Zuk, Jakes Bortairu, euskara ikasia duzu, eta, gero, transmititu duzu; zuk, berriz, Frantxua Maitia, etxetik duzu, baina haurrek ez dakite euskaraz, ezta?

F.M.: Baina euskaraz mintzatu gara. Lehen hitzak gure haurrek euskaraz ukan dituzte. Eta eskolan beti ttipi-ttipitik ukan dute euskararen irakaskuntza, kolegio artio… Istorio bat kontatuko dizuet. Laugarrenean ziren, kolegioan. Egun batez, bazkalondo genuen. Bi haurrek erran zidaten: «Nahi dugu utzi euskararen ikastea». Ez nuen hitzik erran. Paper baten xerka joan nintzen, eta idatzi nien paperean beren ardura zela euskararen uztea. «Orain izenpetu ezazue», erran nien. Harriturik gelditu ziren. Gero, ez zuten izenpetu, e! Baina teatro baten modukoa egin nuen, errateko nik nahi nuela euskara segi zezaten. Memento haietan, anitz haur bazen beren gurasoei ihardukitzen zutenak erranez: «Euskara utzarazi didazue». Kulpa emanez. Nik ez nuen horrelakorik nahi.

Euskararen alde EEPn, baina etxean, aldiz, katea hautsia?

F.M.: Ulertzen dute, e, euskara… nik ere galdua nuen. Hor ere badut istorio bat. Ni Garazitik joan nintzelarik Leskarrera École Normale- era, 1967a, 1968a zen. Badakizu nola itzultzen zen révolution hitza garai hartan? Nahaskeria. Révolution, orain, iraultza erraten da. Baina memento Lafitteren hiztegia zen. Eta, hor, nahaskeria zen. Bertze hitz bat. Frantsesez hitz biziki polita: Luxure. Beharrian biziki ongi pasatzen dena… Lafitteren hiztegi horretan itzultzen zen lohikeria. Erran nahi baita hamabost urteko mutiko gazte batek nahiago ukan zuela révolution hitz hori, ezen ez eta nahaskeria. Eta luxure, ezen ez eta lohikeria. Frantsesak, niri hasteko, biziki garbiki, bertze irekidura bat eman dit. Euskara poxi bat galdua nuen. Frantsesez ari nintzen beti.

Eta nola berreskuratu duzu?

F.M.: Nire emaztearen amak—pentsu zuen ez nintzela giristino ona—, eta eskaini zizkidan Jauna dut argi, bi tomoak. Biziki ederki emanak dira hor Jean Hiriart-Urrutiren hitzaldiak. Euskara biziki politean. Eta berriz eskuratu dut nire euskara. Hara.

Auzi intimo horietan nola eragin hizkuntza politiken bidez?

F.M.: Mintzaira batez ari garelarik, gauza intimoak dira. Ikus zer eraginak sortzen diren eztabaida hori pausatzen delarik, eman dezagun, diputatu ganberan. Bertze oroitzapen bat emanen dut. Egun batez, lurralde kontseiluan izan zen debate handi bat. Lehen kontratua aipatu genuelarik. Deliberatu nuen euskaraz mintzatzea. Baina jaiki zizkidan eskuindar guziak. Fronte Nazionala, RPRkoak. Batzuk espainolez mintzatuz. Presidenteak ere ordena eman zidan frantsesez mintzatzeko. Orduan jaiki zen sukarra! Harrigarria izan zen. Hori, berriz aipatzeko, mintzaira batez aritzeak biziki gauza intimoak iratzartzen dituela.

Horri begira, zer egin?

F.M.: Gauzak konpondu behar dira denen ikusmoldeak ikusiz. Eta horrela sortu da EEP. Lehen lehenik, bistan da, herri mugimenduek sorrarazi dutela euskararen gutizia, apetitua. Horretarik partitu da. Eta, orain, instituzioek hartu dute beren gain galdera hori. Galdera soziala da, eta horri behar da erantzun.

Jakes Bortairu, nola ikusten duzu lotura hori? Auzi politiko eta intimoaren artekoa? Bost urteren ezberdintasuna duzu Maitiarekin, baina, garai beretan, zuk euskara ikasi zenuen, eta, ondotik, transmititu.

F.M.: Bakoitzak badu bere ibilbidea, bere hautuak egiten ditu. Nik euskara aitarengandik entzuna nuen, baina ez zen etxeko hizkuntza, inondik inora. Ez genuen ikasi familian. Ni etorri naiz bizitzera Euskal Herrira zazpi urte nuela. Gainera, Angelun. Eta gero, adoleszentzian, deliberatu nuen euskara ikasi behar nuela. Kostatu zait. Eman dut denbora anitz. Mila aldiz hasi, mila aldiz abandonatu.

F.M.: Ez zen AEKrik garai hartan.

J.B.: Ez zen oraingo mediorik. Baina, halere, noizbait, lortu dut zerbait jakitea eta mintzatzen hastea. Engaiamendu politiko orokor batean, guztiz logikoa iruditu zait horren ikastea. Eta gero, logikaz, nire lagunarekin hori transmititu diogu gure haurrari. Memento batean pentsatu baitugu hizkuntza hori behar zela bizi, biziarazi. Biziarazi, borrokaren bitartez, baina biziarazi konkretuki eguneroko bizian, egiazko komunikazio hizkuntza bilakatuz.

Intimoa eta politika zein lotuak diren ohartzeko adibide bat.

J.B.: Hizkuntza bat, minorizatua eta zapaldua delarik, egia da kontu politiko bat dela, baina baita kontu pertsonal eta intimoa ere. Egiazko zapalkuntza bat izan da hizkuntzarekiko. Pertsona bakoitzak bizi izan du manera batez edo bestez. Batzuetan, sufrimendu askorekin. Gauza asko aitortzen ez direnak, baina bai transmitituak. Lotsa batzuk transmititu dira belaunaldiz belaunaldi. Jende batzuek memento batez euskara abandonatu dute gurasoek edo aitatxi eta amatxiek sufritu baitzuten euskaraz mintzatzeagatik. Edo frantsesa ez ongi jakiteagatik.

AEKn horrelakoak ikusten dituzkezue?

J.B.:Batzuetan ikusten ditugu jende batzuk ikasteko nekeziekin. Psikologo handia izan gabe, argi da badutela hor zama bat familiatik etortzen dena. Lotsa bat, blokeo batzuk. Eta hori guzia gainditu behar da. Euskara bezalako hizkuntza minorizatu bat ikastea eta erabiltzen hastea benetako bidaia intimo bat da, film baten tituluak zioen bezala Korrika batean. Batzuetan, plazerez betea den mementoak ere badira, garaipenak badirelarik-eta, baina beste batzuetan ez da erraza, eta frustrazio anitz sortzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.