Maider Galardi
BOZGORA

'Alea iacta est'

2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Suetoniok idatzi zuen Julio Zesar Erromako agintariak, Galia Zisalpinotik Erromara itzultzen ari zenean, zalantza izan zuela istant batez muga pasatzeko: Rubikon ibaia gurutzatu ala ez. Galian garaipen asko lortu ondoren, etxera zihoan Zesar, baina Erroman zain zeukan Ponpeio, eta bazekien gerra izango zuela harekin. Historia jakina da: irabazi egin zuen, eta bere burua errepublikako diktadore eta kontsul nagusi izendatu zuen.

Baina epika handietatik urrun, jo dezagun atzera; une interesgarrienera. Zergatik izan zuen zalantza Zesarrek istant horretan? Zerk bultzarazi zuen indarra bildu eta atzean zuen soldadu saldoari «dadoa botata dago» esatera? Irudika daiteke agintaria zaldi gainean ibaiaren parean, geldi. Eta irudika daitezke Eusko Legebiltzarreko hautagaiak ere beren Rubikon propioaren aurrean.

Non topatu zuten, lehenengoz, Rubikon? Zaldibarren? Edo noiz azaldu zen lehen aldiz alderdien aurrean? Apirilaren 5eko bozak bertan behera utzi zirenean sentituko zuen akaso Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak halako arrangura bat, inork ez baitzekien oraindik zer-nolako ondorioak ekarriko zituen pandemiak;larrialdi egoeraren kudeaketatik nork aterako zuen onura —Espainiako Gobernuak hartu du ardura, baina Jaurlaritzak jarri ditu eskakizun batzuk mahai gainean, eta, legebiltzarra deseginda, kontrol osoa izan du—.

Pentsatzekoa da Erromara iritsi aurretik Zesarrek ez zituela arma guztiak erakutsi lehen herrixkan. Elkarrekin Podemosek, ordea, bere Rubikon ibaia pasatu eta berehala bota zuen enbidoa: PSErekin eta EH Bildurekin hiruko gobernu bat osatzea. Ez dute erronka txikia: inkestek diote beherakada izango dutela, eta mezu indartsua behar zuten arreta pizteko. PPk ere antzera egin du, baina zarata gutxiago aterata.

Eta PSEk pasatu al du erreka? Busti al dira sozialistak? Ala lehorrean gelditu dira, besteak noiz igaroko, aurreikusirik, nolabait, tokia izango dutela Erroman?

EH Bilduk izango zuen zalantza, noiz gainditu erreka. Besteak beste, eskatu dutelako bozak irailean egitea. Baina ezin da atzera egin, eta bidean dira haiek ere.

Alabaina, pandemiaren itzalak estali egin ditu beste hainbat bataila, EAJren mesedetan. Atzean gelditu da Zaldibarko Rubikon. Ahanzturan kasik estatutu berria, Memoriaren Legea eta Berdintasun Legea onartzeko aurreko legealdiko ezintasuna. Lurpean dira De Miguel eta Osakidetzako lan eskaintza publikoen auziak eta larrialdi egoerak iraun bitartean ikusitako polizia gehiegikeriak—gehienetan arrazistak—.

Eta bozen bezperan, Ordizian azaldu da Rubikon. Eta alderdiek izango zuten zalantza, aurrera jarraitu ala ez. Salatu eskandaluzkoa dela 200 lagunek, gaixo egoteagatik, bozkatzeko eskubidea galdu izana, ala zuhurtzia mezuak helarazi. Planto egin ala lasterketan segitu. Denek egin dituzte zotzak, osasun aldetik arriskutsua izan daitekeela jakin arren. Etzitik aurreraikusiko dira horren ondorioak. Kanpainak egin du berea. Dagoeneko, alea iacta est.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.