Boscacci eta Antonioli, ezusteko garaileak Pierra Mentan

Unai Ugartemendia.
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Bere bosgarren garaipena izan behar zuenaren azken maldan behera murgilduta zegoen. Azken jaitsiera eta helmuga hor zituen. Baina ez, azkenaldian Kilian Jornetek ez du zortea bere alde, eta, erorketa baten ondorioz, peronea hautsi zuen, eta ez zuten garaipena lortu. Mendi eskiatzaileen Tourtzat hartzen da Pierra Menta (Areches-Beaufort, Alpeak, Frantzia). 33. ekitaldia izan du aurtengoa. Ez da nolanahiko proba: lau egunekoa; 10.000 metroko desnibel positiboa; une askotan 2.500 metrotik gora; eta 200 bikote baino gehiago lehian. Zale sutsuak dituen proba da, gainera, eta maldarik gogorrenetan ere jende andana izaten da lasterkarien gozamenerako.

Larunbatean amaitu zen 33. ekitaldiak azken sailkapenean izan zuen ezustekorik handiena: denen ahotan zegoen bikoteak, Kilian Jornetek eta Jakob Hermannek osaturikoak, ez zuen irabazi. Lehen egunean bigarren amaitu zuten, baina hurrengo bi egunetan irabazi egin zuten, eta laugarren egunean ere aurretik zihoazen; dena alde zutenean, ordea, kataluniarraren erorketak Michele Boscacci eta Robert Antonioli italiarrei eman zien azken garaipena. Bigarren postua, berriz, William Bon Mardion eta Xavier Gachet frantziarrentzat izan zen. Euskal Herriko parte hartzaileen artean Pantxo Saint Martin senpertarra izan zen lehen euskal herritarra, 25. postuan, Antoine Rodriguez frantziarrarekin bikotea osatuz.

Emakumezkoetan pronostikoak bete ziren: Axelle Mollaret frantziarrak eta Katia Tomatis italiarrak osatutako bikoteak ez zien aukerarik eman aurkariei. Lau etapetatik hiru irabazi zituzten. Emelie Forsbergek eta Laetitia Rouxek osatutako bikotea izan zen bigarren. Oso erregularrak izan ziren lau egunetan: bigarren aurreneko hiru egunetan eta garaile laugarrenean.

Euskal Herriko emakumeen artean onena, berriro ere, Nahia Quincoces mendexarra izan zen: bederatzigarren, Marta Riba kataluniarrarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.