SOSLAIA. Juan Antonio Zarate

Arabako tradizioen zale amorratua

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
1976. urteaz geroztik, ogasun aholkularia eta kontuen ikuskatzailea da Juan Antonio Zarate. Baina haren lanbideagatik baino gehiago, politikan izandako karguengatik da ezaguna. Bi legealditan izan da Arabako Ogasun diputatu: 1999tik 2003ra eta 2003tik 2007ra (azken legealdi horretan diputatuorde nagusia ere izan zen). Eta, horrez gain, beste bi urtez izan da Biltzar Nagusietako presidente: 2007tik 2011ra eta 2011tik 2015era. «Bi legealdi jarraian kargu bera izan duen Arabako diputatu bakarra izan naiz», dio harrotasunez. Berandu eman zuen politikarako jauzia, 56 urte zituela, eta hasieran independente gisa aurkeztu bazen ere, denborarekin alderdiko militante egin da.

Arabako historia eta tradizioak ongi ezagutzen ditu Zaratek. Pasioa du. Herrialde guztia ongi ezagutzen duela aitortu digu, baita mendi guztiak ere: «Uste dut Arabako mendi tontor guztietara igo naizela. Herrialdea punta batetik bestera ezagutzen dut». Historia eta ohiturekin lotutako hainbat elkartetako kide ere bada: besteak beste, Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa (zuzendaria izan zen bi urtez), eta Donejakue Bidearen Lagunen Elkartekoa (Gasteizko batailaren 200. urtemugako ekitaldien antolaketa lanean parte hartu zuen duela bi urte). Lanbidearen ajeagatik akaso, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala egunero irakurtzeko ohitura du Zaratek: «Urteetan egin behar izan dut arauak ezagutzeko, eta erabateko dependentzia sortu dit».

Politikatik aldenduta ere, pasioa nekez kenduko zaio: «Biltzar Nagusietako jarduerari kasu egingo diot, eta alderdiak nahi izanez gero, laguntzeko prest egongo naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.