Geroa noiz

2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Fatita Said-ek (Tinduf, 1995) Oporrak bakean egitasmoaren barruan Saharako haurrak Gasteizen hartzen dituzten familiei laguntzea du egitekoa, Saharako haurrak hartzeko familien elkarte den Afanis-en barruan. Kanpamenduetatik hona etorri diren haurrek era batera edo bestera zergatik jokatzen duten familiei esplikatzen die, haurren negar intziriei erantzuten die, haien harridurari: «Semaforo baten aurrean, adibidez, guztiz harritzen dira. Ez dute entenditzen. Oinarrizkoak dira hemen, zeharo ezezagunak hango errealitatean, kanpamenduetan. Haurrak harrituak dira inguruko gauza askorekin, familiak bezainbat harrituak, haurrek airean ikasten baitute hizkuntza, edo liluratuta geratzen baitira hondartza ikustean —horixe gustatzen baitzaie gehien—, igerilekuan, edo belar gainean jolasean. Harrituak denak, batzuk eta besteak, nor bere modura. Bai, haurrek ikusiak dituzte hemengo irudiak, baina besterik da gauzak bertatik bertara ikustea, bustitzea, usaintzea, ukitzea, zapaltzea… kanpamenduetako errealitatea ahaztea, bestelako bat bizitzea, beren lurraldean txikitandik bizi beharko zuketen bat bizitzea, ez kanpamenduetan bizi dutena bizitzea. Mundua ikasten dute —ikusi ez ezik—, bi hilabetean, uztailaren hondarretik abuztuaren hondarrera bitartean. Ikasi, ikaragarri ikasten dute. Hiru urtez etorri ahal dira, haurrak behin hartu dituen familiak nahi badu, behintzat. Bestela, Bakeleku udalekura joan ohi dira Kuartangon, Arabako kasuan».

Bi hilabete igaro eta kanpamenduetako errealitate gordina ez bezalako bat ezagutzen dute kanpamenduetatik atzerriko herrialdeetara etorritako haurrek. Atzera hara itzultzean, gorabeherak. «Batzuek bertan etsi ohi dute, beste batzuek ez. Lan egiteko erraztasunik ez dago kanpamenduetan. Kuban mediku ikasitakoek ez dute bitartekorik nahiko. Aljerian —eta garai batean baita Libian ere—, irakasle ikasiek ahal duten moduan irakasten dute. Halakok dendaren bat du, halakok animaliaren batzuk… Eta kito. Berrehun mila lagun izan litezke kanpamenduetan, gerorik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.