Frantziako Tourra

Plana ondo atera zaizu, Matteo

Italiarra izan da azti eta indartsuena eguneko ihesaldian, eta helmugaraino eraman du. Gorka Izagirre ere sartu da, maila onean arituz, baina seigarren izan da. Ez da aldaketa handirik egon sailkapenean

Plana ondo atera zaizu, Matteo.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Matteo Trentinek (Mitchelton) plan bat zuen. Gapeko (Frantzia) helmugan onartu zuen, etapa irabazi eta gero, elastiko garbiarekin eta lore sorta besapean zuela. Etapa gorriz markatua zuen egutegian, tropeleko kide askok bezala. Italiarrak azaldu zuenez, baina, berak behintzat, oso garbi zuen plana: ihesaldi handi bat osatzea espero zuen, eta ihesaldi hori etapa amaieran zegoen hirugarren mailako mendatearen aurretik haustea. Eta, mendate horretan zela, aurrera egitea, indarrak lagun bazituen. Bada, pausoz pauso bete zuen gidoia. Hori guztia, nola ez, tropelaren baimenarekin. Iheslariei baimena eman eta hogei minutura iritsi zen. Ondorioz, ez zen aldaketa nabarmenik egon sailkapen nagusian.

Trentin edozertarako balio duten txirrindulari horietako bat da. Existituko ez balitz, asmatu egin beharko lukete. Ogibidez, animatzailea da, edo ausarta. 2017ko Espainiako Vuletan lau etapa irabazi zituen esprintean, baina tankera guztietako etapetan ehizatu du. Ehizatu da aditz aproposa haren lorpenak azaltzeko, beste ezeren gainetik ehiztaria baita. Urte luzez egon zen Quick Stepen, eta hantxe findu zitzaion etapak irabazteko sena. Atzokoa hirugarren garaipena du Tourrean, sasoiko laugarrena, eta Giroan ere besoak altxaturikoa da.

Tour honetan, gainera, hanka onak erakutsi ditu. Zortzi etapatan helmugaratu da lehen hamarren artean. Ehiztari onak badaki toki aproposean eta une egokian egotea garrantzitsua dela, ez baitaki inoiz noiz joko dion kukuak. Atzokoa, gainera, etapa aproposa zen kukuak jo zezan: luzea (200 kilometro), gorabeheraz jositakoa, bero saparekin eta Tourreko etaparik gogorrenaren bezperan. Zaila da ihesaldi baterako baldintza aproposagoak diseinatzea.

Tropel osoak zekien ihesaldia egongo zela eta, kide arriskutsurik ez bazegoen, sailkapen nagusiko izen handiek ameto emango ziotela. Hasieran osatu zen, lehen kilometroetan, eta nahi izan zuen guztia sartu zen. Guztira, 34 kide; tartean, bi euskal herritar: Omar Fraile eta Gorka Izagirre (Astana). Han ziren, besteak beste, Greg van Avermaet (CCC), Bauke Mollema eta Thomas Skujins (Trek-Segafredo), Nicolas Roche (Sunweb), Edvald Boasson Hagen eta Ben King ere (Dimension Data)...

Jende ona zegoen ihesaldian, Tourrean etaparen bat irabazitako zortzi kiderekin, eta tropelak garbi utzi zuen nahi zutena egiteko baimena zutela. Berehala lortu zuten ordu laurdeneko aldea. Helmugatik 30 kilometrora arte lasai ibili ziren, orduan egin baitzuten aurrera 11 iheslarik Erritmo aldaketa bizkorra egin, eta, besteak beste, Trentin, Izagirre, Van Avermat eta Molema sartu ziren. Lehen galbahea zen, baina beste bat falta zen: Sentinelle gaina. Helmugatik 11 kilometrora zegoen, 5,2 kilometrokoa eta %5,2ko batez besteko pendizduna.

Trentinen plana ondo zihoan, baina oraindik zatirik zailena falta zitzaion. Esprinter batentzat aldapa gora erasoa jotzea ia erokeria da, baina gogotsu ekin zion. «Asto beltzarenak pasatu ditut aldapan. Haizea aurka nuen, baina indartsu sumatzen nuen neure burua, eta ondo igo naiz», esan zuen gero. Atzean saiatu ziren haren arrastoa hartzen, tartean Izagirre. Tour osoa ilunpean pasatu du, pedal kolpea aurkitu ezinik, eta Fuglsangentzat lanean. Liderraren erorikoak, baina, askatasuna eman dio, eta lehen egunetik baliatu zuen. Ongi jardun zuen, baina, azkenean, seigarren izan zen helmugan, 41 segundora.

Trentin, izan ere, indartsu zegoen. Sentinellen hogeita hamar segundotik gorako aldea zuen jarraitzaileekin. Mendiak jaitsiera sigi-sagatsua zuen, baina italiarra trebea da, eta arazorik gabe egin zituen helmugara artekoak. Zale asko poztuko ziren hura helmugan sartzen ikustean. Iaz eroriko larria izan zuen Paris-Roubaixen, eta, sendatze prozesu gogorraren ostean, Trentinek merezi zuen horrelako gozatu bat.

Gaur, etapa gogorrena

Gaur, 18. etapa jokatuko da, eta, ziur asko, gogorrena, helmuga tontor batean egon ez arren. 208 kilometro egingo dituzte Embrun eta Valloire artean. Aurtengo Tourrean diseinatu duten Alpeetako hiruko beldurgarriaren aurrenekoa da, eta 2.000 metrotik gorako hiru mendate ditu: Vars (2.109 m.). Izoard (2.360 m.) eta Galibier (2.642 m.). Helmuga azken horren tontorrekin hogei kilometrora dago.

Probarik latzena izango da Jualian Alaphilippen (Deceuninck-Quick Step) lidergoarentzat, gaurkoa igotzaile peto-petoentzat eguna baita. Pinot (FDJ) garaipenak lorturikoa da 2.000 metrotik gorako helmugetan, eta Tourmaleten bera izan zen indartsuena. Egan Bernal (Ineos), berriz, 2.700 metrora jaiotakoa da, eta oso ohituta dago garaiera horretan entrenatzera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.