Jandillakoak txintxo ibili dira

Jandilla ganadutegiko zezenek entzierro bizia egin dute, inor adarkatu gabe.Zortzi lagun eraman dituzte erietxera

Jandillakoak txintxo ibili dira.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2014ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Elezahar beltza. Hala deitzen diote zezenzaleek Jandilla ganadutegiari; izan ere, tragediaz betetako entzierroen historia osatu du urteetan: jende gehien adarkatu dutenetariko bat izaten da beti. Atzo, baina, ezizenak ez zuen izanarekin bat egin. Lasterketa bizia egin zuten zezenek, garbia. Eta ohi ez bezala, ez zuten inor adarkatu. Dena den, zortzi pertsona eraman behar izan zituzten ospitalera, traumatismoak zirela eta.

Abiadura handian aritu ziren: bi minutu eta 56 segundo behar izan zituzten adardunek ibilbideko 850 metroak igarotzeko. Berez, 2 minutu eta 20 segundoren bueltan sartu ziren kortara bost zezen, baina beste bat atzean geratu zen, eta horregatik iraun zuen gehiago lasterketak. Esperientziaren oinordekoa da Jandilla ganadutegia, eta, hori dela eta, orain arteko estilorik finena erakutsi zuen, zezenzaleen gozagarri.

Erritmo egokian hasi ziren animaliak, suziria lehertu bezain pronto; ez mantso, ez azkar. Santo Domingoko maldan eman zuten aurreneko sustoa: saldoko gaztaina koloreko zezen bakarrak ekinaldirako imintzioa egin zuen lasterkariengana hurbilduz. Baina ez zuen inor harrapatu, eta airean kontra egindako ekina saialdia baino ez zen izan. Gainontzeko zezenak ere korrikalarien- gandik gertu ibili ziren.

Berezko estilo ukitua eman zioten Badajozko (Espainia) animaliek korrikaldiari: inoiz ez ziren kale erditik ibili, bazterretara jo zuten, arriskua handituz. Hala paretetatik oso gertu iragan zuten Udaletxe plaza eta Mercaderes kalea, ezbeharrik gabe.

Mercaderes kaleko bihurgunearen ostean, erorikoak iritsi ziren. Saldoak elkarrekin egin zuen bidea, eta pasatu ahala erori ziren korrikalarietako asko. Egoera larriena, berriz, samalda aurrean korrika bizian ari zen jende tropel batekin gertatu zen; erori eta zezen taldea gainetik pasatu zen. Eta behin ez, baizik eta beste bi alditan gertaberritu zen irudia. Estafetako amaierako partean ere berriz lurra jo zuten lasterkari batzuek, eta adardunek bortizki zapaldu zituzten.

Argazkiak entzierroan

Ibilbidearen amaiera partean ere, Telefonica aldean, arriskua gorpuztu zen, berriro ere. Zezen batek han bildutakoetako bat bota zuen; horren ondorioz, inguruan zeudenak ere erori egin ziren, eta beste pilaketa bat sortu zen, hirugarrena. Arrapaladan pasatu ziren adardunak jausitakoen gainetik. Kaosaren ostean, plazara heldu ziren. Bostzezen buruan, eta beste bat atzeratuxeago, segundo batzuen bueltan.

Aurten, lehen aldiz, entzierroa erregulatzen duen araudia martxan dago, eta hainbat jarduera debekatuta daude: adibidez, entzierroan korrika egin bitartean argazkiak ateratzea. Baina horrek ez du saihestu hainbat korrikalarik argazkiak ateratzea. Atzo, esaterako, korrikalari batek bere buruari argazkia atera zion Jandillako zezenen ondoan. Araudiaren arabera, 751 eta 1.500 euro arteko zigorra jaso dezake. Lasterketa arriskuan jarri duela ebazten bada, berriz, isuna 3.000 euro ere izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.