Hiru gizonezko hil dira Baztanen hegazkin batek izaniko istripuan

Frantziako matrikuladun hegazkin arin bat zen; ezbeharraren kausa behe laino itxia izan zitekeela pentsatzen dute

arantxa iraola
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ezusteko desatsegina izan zuen atzo eguerdian Amaiurren (Baztan, Nafarroa) zebilen ehiztari batek: Alkurruntz mendiaren inguruan, 934 metroko garaieran, hegazkin baten aztarnak aurkitu zituen, sakabanatuta. Berehala eman zuen abisu, eta larrialdi zerbitzuak heldu zirenean, ezbeharraren larritasunaz jabetu ziren: hainbat zatitan suntsitutako hegazkin arin bat zen, pribatua, eta barruan zihoazen hiru pertsonak hilda zeuden.

Hainbat zatitan txikituta geratu zen airekoa, eta hildakoen gorpuzkinak ere sakabanatuta geratu ziren. Frantziako matrikuladuna zen hegazkin arina, eta handik zetorren. Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuan zuen jarrita atzo helmuga. Han erregaidepositua bete eta Salamancara bidean (Espainia) jarraitzeko asmoa zuten bidaiariek. Hirurak, Nafarroako Gobernuak baieztatu duenez, gizonezkoak ziren, eta Frantziakoak. Atzo iluntzean oraindik identifikatzeko zeuden, eta ez zuten haien izenik eman nahi izan.

Nafarroako Gobernuko informazio iturrien arabera, Afrikarako dirua lortzeko rally batean parte hartzen ari zen airekoa, beste hamalau hegazkin arinekin batera. Afrikako eskola sistema hobetzeko baliabideak lortzea du ekimenak xede. Frantziatik abiatu, eta Senegalera iristea da, printzipioz, rallyaren helburua. Frantziako Lezignan-Corbieres hiriko aerodromoan eman zioten hasiera ekimenari.

Ikerketa martxan

Guardia Zibilak eta Nafarroako Foru Poliziak berehala ikerketa abiatu zuten atzo. Ezbeharra jazo zen ingurua itxi eta airekoaren istripuaren zergatia eman zezaketen zantzuen bila ibili ziren arratsalde osoan.

Hegazkinak mendi magal baten kontra jo zuela jakinarazi dute, baina aski informazio ez dute oraindik ere istripua zerk eragin zuen jakiteko. Nolanahi ere, oraingoz lantzen ari diren hipotesien artean, behe laino itxiarena dago. Hegazkin arina DR400-180 motako airekoa zela jakinarazi dute, 1978. urtean egindakoa.

Ezbeharra Otsondoko gaineko ezkerraldean jazo zen, aski leku malkarrean, eta ez zen erraza izan larrialdi zerbitzuentzat ikerketa hasteko lanak abiatzea eta gorpuzkinak bertatik ateratzea. Oronozko suhiltzaileek eta Elizondoko osasun profesionalek parte hartu zuten, Poliziarekin batera, egin ziren lanetan.

Deia izan berritan, lehendabiziko lanetan, Nafarroako Gobernuko helikoptero bat ere erabili zuten. Hegazkineko bidaiariren bat bizirik egon zitekeen esperantzan bertaratu ziren hasiera batean larrialdi zerbitzuak, baina berehala jabetu ziren ezbeharraren ondorio larriez.

Frantziaren kontsula

Albistearen berri izan eta berehala Frantziak Espainian duen kontsulak Iruñerako bidea hartu zuen atzo. Hiru hilotzak ere bertan dira, autopsia egitera eraman baitzituzten. Hiru hildakoak Frantziakoak zirenez, haien gertukoei arreta egokia emateko bertaratu da kontsula, eta egin beharreko urratsetan Nafarroako Gobernuko eta Espainiako agintariekin batera jarduteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.