Ikastolek «behartuta» aldatu dute Ibilaldiaren eguna, Tellituren arabera

Ekainaren 1ean izango da, baina aldatzeko eskatu dio EHIGEk, eskola publikoaren jaiarekin bat ez egiteko

2012an ere Ibilaldia atzeratu egin zuen Ikastolen Elkarteak; Trapagaranen egin zuten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Gernikan Ibilaldia, eta Balmasedan euskal eskola publikoaren aldeko jaia. Biak Bizkaian. Eta biak egun berean: ekainaren 1ean. Ez zegoen hala aurreikusita: maiatzaren 25ean ospatu behar zuten aurten Ibilaldia, baina Europako Parlamenturako hauteskundeekin bat egingo zuela eta, eguna aldatzea ebatzi zuten ikastolek. Erabakiak giroa gaiztotu du, eta azken asteotan zabaldutako mezuak direla eta, azalpenak ematera agertu zen atzo Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Ikastolen aldeko Bizkaiko festaren eguna «behartuta» aldatu zutela berretsi du: «Erabakiaren atzean, ez dago, inondik ere, eskola publikoaren jaia zapuzteko asmorik». EHIGEk, ordea,—euskal eskola publikoaren aldeko jaiaren antolatzaileak— eguna berriro aldatzeko eskatu dio.

Tellituren arabera, bateraezinak ziren Ibilaldia eta Europako bozak: «Hauteskunde egun batean ehun mila lagun egun osoko jai batera mobilizatzea ez da sartzen gure aurreikuspenetan». Erantsi du segurtasun arazoak ere eragin zitzaketela: «Ertzaintzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztietan egon behar duen egunean, Gernikan dispositibo berezi bat ezartzera behartzea ia ezinezkoa zen, eta guk ezin dugu segurtasun hori bermatu».

Hartara, ekainaren 1era aldatu zuten deialdia, egun horretan Balmasedan euskal eskola publikoaren aldeko jaia ospatzekoak diren arren. «Eguna aukeratzea oso zaila izan zen». Tellituk esan du maiatzaren 11tik ekainaren 15era arteko igande guztietan egongo dela hezkuntzarekin lotutako festaren bat. Ibilaldia atzeratu ordez, maiatzaren 18ra aurreratu izan balute, Sortzen Ikasbatuaz-ek antolatzen duen euskal eskola publiko berriaren jaiarekin bat egingo zuketen. «Iaz festa hura bertan behera utzi behar izan zute eguraldi txarragatik».

Ibilaldia larunbatez ospatzea, ordea, ez zuten aztertu. «Ez da kasualitatea halako festa guztiak igandez ospatzea». Berriro segurtasuna izan du ahotan Tellituk: «Larunbatez, gure jaia eta segurtasun dispositiboa amaitu ondoren ere, iluntze-gauean jende andana geratzeko aukera handia legoke. Horrek herrian bertan segurtasun eta garraio arazo handiak eragin zitzakeen. Ez gaude prest erantzukizun hori beste baten esku uzteko; kasu honetan, udalaren esku».

Egun aldaketaren ondorioz izandako erreakzioak normaltzat jo ditu Tellituk. EHIGEk erabakia gustuko ez izatea ulertzen du, «baina uste dugu haiek ere ulertu dutela eguna aldatu behar izan dugula». Ez da bat etorri, ordea, sare sozialetan zabaldutako iruzkin batzuekin: «Eskola publikoaren jaia zapuzteko helburua leporatu digute. Ez zen gure asmoa».

Halako komentarioekin batera, sare publikoaren eta kontzertatuaren arteko lehia piztu nahi izan dutela gaineratu du: «Eztabaida hori, antzua izateaz gain, aspaldi gainditu beharreko dikotomia zaharkitua da. Edonola ere, bi festek euskara normalizatzeko eta euskal hezkuntza bultzatzeko helburua dutela nabarmendu du, eta, horregatik, bietako edozeinera joatera deitu ditu herritarrak: «Bi jaiak xede horien arteko batuketa edo biderketa bat izan beharko lukete, eta ez zatiketa».

Jokaera «desegokia»

Egun aldaketarekin kritiko mintzatu da EHIGE. Gurasoen elkarteak «desegokitzat» jo du bi festak egun berean egitea, «are gehiago aurten biak herrialde berberean egokituko direla kontuan hartuta». Era berean, erabakiari buruzko hausnarketa eskatu du: beste egun bat aukeratzea galdegin dio Ikastolen Elkarteari; «izan ere, erabaki honek ez dio onik egiten euskarazko irakaskuntzaren alde lan egiten dugun bi erakundeoi», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.