Realak Turinen jokatuko du ziurrenik Uniteden aurkako etxeko partida

Italiako Gobernuaren baimena behar da Europa Ligako lehia lekuz aldatzeko. COVID-19aren aurkako neurriengatik ez da izango Anoetan

Juventus Stadium zelaia, 2013ko azaroan. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Realak azkenean ezingo du Anoetan jokatu Manchester Uniteden aurka. Europa Ligako final hamaseirenetako joaneko partida Turinen (Italia) izango da ziurrenik, Juventus Stadium-en, baldin eta Italiako Gobernuak ameto ematen badu. COVID-19ari aurre egiteko neurrien artean dago Espainiako Gobernuak Ingalaterrako hegaldiei eta itsasontziei bertan sartzeko jarritako debekua, eta erabaki horrek bete-betean harrapatu du partida. Otsailaren 18an da norgehiagoka, eta, berez, bi egun lehenagora arte dauka neurri hori hartuta, baina Realak ezin zuen egun horretara arte zain egon, UEFAri lehenago jakinarazi behar zaiolako non izango den partida.

Juventusen eta UEFAren oniritzia dauka Realak. Han justu, Europako futbola bere gain hartzen duen erakundeak Juventus Stadium dauka horrelako egoeretan partidak hartzeko zelaien zerrendan. Azkenean, ezingo balitzateke hor jokatu, Reala lanean ari da beste estadio baten bila. Ez dago argi itzulikoa Manchesterren izango den edo Ingalaterratik kanpo.

Kanporaketa horretan, Paul Pogba ez da ariko. Frantziako erdilariak min hartu zuen larunbatean Evertonen aurka, eta aste batzuetan jokatu ezinda egon beharko du. Realak , bestalde, badaki Miguel Angel Moyak ezingo duela jokatu. Min hartu zuen aurreko asteko entrenamendu batean, belaunean, eta atzo egin zioten ebakuntza meniskoan.

Vencedor, 2025era arte

Athleticen, kontratu berritze bat izan zen albiste atzo: Unai Vencedor erdilariak bi denboraldiz luzatu du hitzarmena klubarekin, eta, horrenbestez, 2025era arteko tratua daukate orain izenpetuta. Etete klausula 40 milioikoa izango du Bilboko 20 urteko erdilariak. Hemeretzi partida jokatu ditu lehen taldean; bat ez beste guztiak, sasoi honetan. Gaizka Garitanok eman zion debuta egiteko aukera.

Bozak euskal federazioan

Bi hautagaitza onartu ditu Euskadiko Futbol Federazioko hauteskunde batzordeak, eta martxoaren 1ean aukeratu beharko da Koikili Lertxundi jokalari ohiaren eta Javier Landeta Leioa taldeko presidentearen artean. Hala ere, bihar jakingo da hautagaitzak balekoak diren, helegiteak aurkezteko epea baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.