Gasteizko Euskararen Etxea urriaren 15ean irekiko dute, Montehermoson

Udalak 30.000 euro emango ditu aurten.Kafe antzokia hurrengo urtera arte atzeratuko dute

Montehermoso jauregian kokatuko da Lazarraga Euskararen Etxea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Lur Gil.
Gasteiz
2014ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Errealitatetik gertuago dago orain Lazarraga Euskararen Etxea. Irekitzeko eguna urriaren 15erako zegoen iragarrita; lekua ere, eztabaida askoren ondoren, Gasteizko Alde Zaharreko Montehermoso jauregian ezarria zeukan; eta bideragarritasun ekonomikoa bakarrik falta zen. Atzo, baina, Javier Maroto alkateak irekitzeko eguna baieztatu zuen, eta iragarri 30.000 euro emango dituela hasteko eta beste 250.000 euro jarriko dituela hurrengo legegintzaldian.

Gasteiz Antzokia plataformak urteak daramatza lanean kafe antzokiaren proiektua lantzen. 2008an aurkeztu zion egitasmoa udalari, Patxi Lazkoz alkate zela, eta orain arte eztabaidan egon da, batzuetan gauzatzeko bidean eta beste batzuetan ez. Aurrekontu eta borondate faltak eduki du proiektua geldirik, talde politikoen arteko desadostasunak tarteko, baina uztailaren hasieran Javier Marotok jakinarazi zuen, Bilduren eskaerari erantzunez, Euskararen Etxea urriaren 15ean irekiko zela.

30.000 euroko diru laguntza izango du urritik urte bukaerarako programazioa finantzatzeko. Hurrengo urtean 250.000 gehiago jartzekoak direla esan zuen atzo alkateak, PPk aurkeztuko duen zirriborroan idatzita daukanez. Marotok esan zuen «hiriaren errealitate euskaltzaleari aitorpena» dela, baina zabalik utzi zuen euskarazko bestelako ekitaldiak egiteko aukera. Udalaren euskara zerbitzuaren eta kafe antzokiaren aldeko plataformaren artean kudeatuko dute Euskararen Etxea.

Zuhaitzaren beste adarra

Plataformak pozez hartu du proiektua gauzatuko den albistea, baina gogorarazi du euren egitasmoaren atal bat besterik ez dela. Izan ere, Lazarraga Euskararen Etxea txiki geratuko da zenbait ekitalditarako; izan ere, hasierako proposamena zen kafe antzokian formatu handiko ikuskizunak ematea, eta Euskararen Etxean, txikikoak. Kafe antzokia, gainera, proiektu osoari bideragarritasun ekonomikoa emateko beharrezko espazioa izango zen; «bideragarritasun ekonomikoa, independentzia eta beste erreferentzialtasun bat», plataformako kideen esanetan. Proiektua osorik gauzatu dadin lanean jarraituko dutela iragarri dute, eta esan dute plataforma irekia dela eta ekarpenak jasotzeko prest daudela.

Euskararen Etxea Gasteizko euskaltzaleen «bilgune» izatea nahi du plataformak, kultura eta euskara zutabe izanda euskararen normalizazioari ekarpena egingo diona. Euskararen «arnasgune» izatea ere helburu du proiektuak, udalaren kudeaketa «eskasari» presio egin eta alternatibak sortzeko.

Ororen gainetik, «sorgune»

Sorkuntzarako espazio bat izatea du helburu proiektuak, «hiriko beste gune batzuk elikatzeko eta eskaintza zabaltzeko». «Gauza txikiekin hasiko gara, antzerki, dantza edo bertso saio txikiekin, eta aurrerago antolatuko ditugu bestelakoak», iragarri du plataformak. Euskarazko produkziorako sorgune izan nahi du Lazarraga Euskararen Etxeak; gune bat idazle, musikari zein beste edozein sortzailerentzat, euskaraz sortzeko, egitasmorik baztertu gabe. Bestalde, «ohiko artista-ikusle eskematik harago» joan nahi dute, «bestelako dinamikak bilatuz». Urriaren 15etik aurrera horretarako aukera izango da Montehermoso jauregian; ikusteko dago etorkizunean kafe antzokia irekiko ote duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.