G7KO TALDEA

Istilu gogorrak izan ziren Genovako goi bileran, 2001eko uztailean. ARES FERRARI.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
1973. Ez zazpi, ez zortzi, ezta bost ere. Lau kideren bilera bat izan zen G7aren atarikoa. Urte horretan krisi bat sortu zen, petrolioaren krisia izenekoa, LPEEko kideek Israelen aliatuei boikota egiteak prezioak laukoiztea eragin zuenean. Egoera hori gainera zetorkiela ikusita, erantzun bateratu bat aztertzeko bildu ziren 1973ko martxoaren 25ean, Washingtonen, AEBetako, Alemania Mendebaldeko, Erresuma Batuko eta Frantziako finantza ministroak. «Liburutegiko taldea» deitu zioten bilera hori, leku formalago baten faltan, Richard Nixonek Etxe Zuriko liburutegia eskaini zielako, bera kanpoan zegoela. Hilabete batzuk geroago, Bosten Taldea (G5) izena jaso zuen, AEBek Japonia gonbidatzea proposatu zutelako.

1975. Lehen bilera ofiziala egin zuen G6 taldea izenekoak, G5eko bileretan finantza ministro gisa izandako batek antolatuta: Valery Giscard d'Estaing Frantziako presidentea. Proposamena, berez, Gerald Ford estatubatuarrak egin zuen, taldeko agintari gehienak berriak zirelako eta elkar ezagutu nahi zutelako. Azaroan elkartu ziren, Rambouilleteko jauregian, Paristik hurbil, Italiako Aldo Moro ere han zela. Urtean behin biltzea adostu zuten, eta txandaka antolatzea.

1976. Bigarren bileran, Puerto Ricon (AEB), G7 izena hartu zuen, Kanada ere gonbidatu zutelako.

1977. Londresen, Europako Batzordeko presidenteak lehen aldiz hartu zuen parte.

1996. Ia hogei urtez itxaron behar izan zuten nazioarteko erakundeetako buruzagiek gonbidapen iraunkorra jasotzeko. Nazio Batuen Erakundeko, Nazioarteko Diru Funtseko, Munduko Bankuko eta Munduko Merkataritza Erakundeko arduradunak agertu ziren Lyongo bilerara, 22.era.

1997. G8a bilakatu zen, Bill Clinton AEBetako presidenteak proposatuta, Errusiak ere goi bileran hartu zuelako parte. Gerra Hotza amaituta, Errusia mendebaldera erakartzeko mugimendu bat izan zen Clintonena, ekonomikoki eta politikoki oso ahul zegoen une batean. Boris Jeltsin izan zen G8ko lehen mahaikide errusiarra, baina bizkor ordezkatu zuen helburu handinahiagoak zituen lider batek, Vladimir Putinek. Bilera bakar bat egin da Errusian, 2006an, Sochin.

1999. G20ko taldearen lehen bilera, Kolonian (Alemania).

2000. Okinawa uhartean (Japonia) bildu ziren, eta, lehen aldiz, G8koak ez ziren herrialdeetako agintariak gonbidatu zituzten: Hegoafrika, Aljeria, Nigeria eta Senegalgo gobernuburuek parte hartu zuten.

2001. Goi bileren aurkako protestak gertatu ziren aurreko batzuetan, baina inoiz ez ziren izan Genovan (Italia) bezain jendetsuak eta gogorrak. 200.000 lagunetik gora bildu zituen globalizazioaren aurkako mugimenduak, eta haietako batzuek borroka gogorrak izan zituzten poliziekin. Carabinieri-ek suzko armak ere erabili zituzten, eta haietako batek Carlo Giuliani manifestaria hil zuen tiroz. Epaileek polizia errugabetu zuten, airera tiro egin eta balak Giuliani errebotez jo zuela ebatzi zuelako. Genovaz geroztik, goi bilerak leku baztertuagoetan eta txikiagoetan egin dituzte.

2014. Berriro G7 bilakatu zen, beste kideek Errusia kanporatu zutelako Krimeako penintsula bereganatzeagatik.

2018. G6+1 deitu zuten Quebeceko bilera, Donald Trumpek bere kasa jokatzea erabaki zuelako: Errusia berriro gonbidatzeko eskatu zuen, neurri protekzionistak babestu zituen, eta bere sinadura azken agiritik kendu zuen, Justin Trudeau kanadarrak kritika egin ziolako muga zergak jartzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.