Nafarroan mahai bat osatuko dute esnearen sektorea bultzatzeko

Iruñeko gobernuaren arabera, Madrilen neurriek ez diete erantzuten abeltzainen beharrei

Abeltzainen Martxa Zuria atzo iritsi zen Madrilera. SERGIO BARRENECHEA / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Neurririk hartzen ez bada, esnearen sektoreari etorkizun beltza ikusten dio Nafarroako Gobernuak. Hori dela eta, lan mahai bat osatuko du egungo krisiari konponbidea emateko asmoz. Sektoreko eragileek mahai horretan parte hartzea da gobernuaren nahia. Lehentasunetako bat izango dute ekoizleei esne litro bakoitzeko ordaintzen dieten prezioa hobetzea. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, gaur egun 192 ekoizle daude lurraldean, eta horietako asko 28-32 zentimoan ari dira esnea saltzen, kostu prezioaren azpitik —0,34 euro—.

Landa Garapeneko, Tokiko Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilari Isabel Elizalde Espainiako Gobernuak erkidegoetako ordezkariekin egindako bileran izan zen herenegun. Elizalderen esanetan, Madrilek iragarritako neurriek ez diete erantzuten sektorearen premiazko egoerari. Besteak beste, hartu beharreko neurrien artean nabarmendu ditu: ekoizpen erakundeak babestea, elikadura katearen funtzionamendua hobetzea, landa garapeneko programen bidez laguntzak ematea edo Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzen erdia aurreratzea.

Nekazaritza Ministerioak azken asteetan iragarritako diru laguntza kritikatu egin du Elizaldek. Madrilek esnea galeratan saltzen ari den abeltzainari 300 euro emango dizkio behi bakoitzeko. Kontseilariak azaldu du laguntza horiek Gaztela-Leon, Kantabria eta Galiziako ekoizleentzat izango direla gehienbat, eta horrek inguruko lurraldeetan prezioak jaistea eragin dezakeela.

Europako Batzordeak apirilean esne kuotak bertan behera utzi zituenetik, zaildu egin da esnearekin lan egiten duten baserritarrenegoera. Ondorioz, azken hilabeteetan ugaritu egin dira abeltzainen protestak Europa osoan. Esaterako, atzo heldu zen Madrilera abuztuaren 24an Leondik abiatutako Martxa Zuria.

Martxaren amaieran, Isabel Garcia Tejerina ministroarekin bildu ziren hainbat sindikatutako kideak, eta berehalako neurriak eskatu zizkioten. Ministroak bere egin zituen eskaera horiek, eta erantzun zien dagoeneko lanean ari dela sektorearen alde.

Abeltzainak Bruselara begira jarriko dira etzi, Europako Batasuneko herrialdeetako Nekazaritza ministroak bilduko baitira bertan, sektorearen krisiaz jarduteko. Hala ere, ez dute neurri esanguratsurik espero. Izan ere, Phil Hogan EBko Landa Garapenerako komisarioa politika «esku-hartzaileen» aurka agertu da; hau da, abeltzainei gutxieneko prezio bat pagatzearen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.