Klasikoa, eta klasista

Tenislarien mailaren araberako aldagelak, errespetatu ez zioten sailkapeneko postua, zapatila takodunak... Lara Arruabarrena eta Alberto Berasategiren Wimbledongo oroitzapenak dira.

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Wimbledonen jokatzea berezia al da? Torneo ezberdina da, tradizioz betea, baina jokalarientzat? Lara Arruabarrena izan da aurtengo aldian jokatu duen euskal jokalari bakarra, eta mistika pixka bat kendu dio. «Alderik handiena da belar gainean jokatzen dela; bestela, barrutik, beste Grand Slamak bezalakoa da». Alberto Berasategik ere behin jokatu zuen, 2000. urtean, eta lehen partida galdu zuen, Andrei Pavelen aurka. «Erretiroa hartu aurretik, Londresko torneoa jokatu nahi nuen. Tako txikidun zapatilak erabili behar izan nituen, eta, partida hasieran, pare bat aldiz labaindu nintzen. Banekien fisikoki ez nengoela ondo baina esperientzia polita izan zen. Jokatu nuen egunean bertan joan nintzen, nire emaztearekin. Ez nuen garraio ofizialik ere eskatu. Metroan joan nintzen, berotu eta jokatu. Irtendakoan. ez nintzen dutxatu ere egin, hotelera zuzenean».

Berasategik miresmen eta gorroto harremana izan zuen torneoarekin. Hala azaldu zuen iaz, elkarrizketa batean. «Sailkatu nintzen lehen aldian (1995) munduko 11. gisa iritsi nintzen, eta antolakuntzak ez zidan rankinga errespetatu. Boris Becker egokitu zitzaidan aurkari, eta ez jokatzea erabaki nuen». Hala ere, ez dio lorerik ukatzen.«Ingalaterran sortu zen tenisa, eta hura torneo zaharrenetakoa da. Grand Slam guztien artean sonarik handiena du».

Berasategik dioenez, torneo bat baino gehiago da. «Errespetu handia daukate zaleek, zuriz jantzita jokatu beharra dago, segurtasun neurri zorrotzak daude... Horrek guztiak bihurtzen du berezi, eta tarteka desatsegin, ito sentsazioa sortzen baitu». Arruabarrenak ere nabarmendu du itogarria dela, askotan itxaronaldiak oso luzeak direlako, eta, hainbeste jende eta eguraldi aldakorrarekin, ez dira beti gozoak.

Arruabarrena hotz mintzo da, baina «ikusteko zoragarria» dela onartu du. «Denak zuriz, belar gainean, ezusteko asko... Niri gustatzen zait, dibertigarria da, baina urtean bi astez bakarrik jokatzen delako. Gehiago jokatu balitz, agian ez lidake horrelako graziarik egingo...». Tolosarrari ez datozkio anekdota asko burura, baina badu askorik gustatzen ez zaion bitxikeria bat. «Wimbledonen hiru aldagela daude, eta nik bakarra erabil dezaket. Australian, esaterako, bi daude, eta biak erabil ditzaket. Wimbledonen, ordea, nik orokorra erabil dezaket bakarrik. Beste biak, bata goiko zerrendaburuentzat da, eta bestea, aurretik txapeldun izan direnentzat. Banatuta daude. Inor ez bazara, badakizu zer dagokizun. Banaketa klasista da».

Beste euskal tenislari batzuk ere jokatu izan dute. Iñigo Cervantesek behin baino gehiagotan hartu du parte atarikoan, eta, 2012an, torneorako sailkatu zen. Cristina Torrensek ere zazpi aldiz hartu zuen parte, 1997tik 2003ra. Guillermo Olasok ere atariko fasean parte hartu zuen, 2013an. Dena den, lorpenik handiena Nathalie Tauziatena da. Jaiotzez euskal herritarra izan ez arren, gaztetan bildu zen Baionara, eta han egin du bere bizitza. Bada, Tauziat finalerako sailkatu zen, 1998an. Finalean, Jana Novotnaren aurka jokatu zuen, eta partida handia egin arren, lapurtarrak 6-4 eta 7-6 (7-2) galdu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak