GIDA LABURRA

2015eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Wimbledongo torneoan arlote baten moduan ez ibiltzeko ezinbestean jakin beharrekoak.

Beti zuriz jantzita

'Dress code'-a. Wimbledongo torneoak janzkera kode propioa du. Zuriz jokatu behar da. Zorrotzak dira horretan, eta eztabaida asko egon dira. Aurten, Eugenie Bouchardi isuna jarri zioten bularretako beltzaren zerrenda bat ikusten zitzaiolako. Baina kasu ezagunena Andre Agassirena da, hiru urtez lehiatu gabe egon baitzen kodearekin ados ez zegoelako. Azkenean, baina, amore eman, eta 1992an txapeldun izan zen, zuriz jantzita. 2012an Olinpiar Jokoak han jokatu ziren, eta kodea ez zen bete.

Pilota itzuli behar da

Torneoko, 54.000 pilota. Wimbledonera joan, eta harmailetara pilota bat erortzen bada, pistara itzuli egin behar da. Ez itzultzea oso gaizki ikusia dago, eta epaileak eska diezazuke. 1902az geroztik, Slazenger etxea da pilota hornitzailea. Torneo bakoitzean, 54.000 pilota erabiltzen dira, eta, gero, tenis eskolei oparitzen zaizkie.

Belatz eta guzti

Rufus-en lurraldea. Usoak dira Wimbledongo etsai handienak. Belarrari kalte egiten diote, eta, askotan, pistara jaitsi izan dira. 2009az geroztik, baina, erdiko pistak zaindaria du, Rufus belatza. Ez die usoei eraso egiten, baina urrundu egiten ditu. Hain da ezaguna, 2012an bahitu egin zuten, eta Twitter kontu propioa du: @RufusTheHawk

8 milimetro

Belarraren altuera. Torneoan, 19 pista erabiltzen dira — klubak 50 ditu guztira, eta 13 zenbakidunik ez dago—, eta, guztietan, belarrak altuera bera du: 8 milimetro. Urte osoan, 13 milimetro izaten du; torneorako mozten dute. Udaberrian eta udan, 32 lorezain daude (neguan, hamasei), eta egunero orrazten dituzte pistak.

Lehen igandean, jai

Egutegi zorrotza. Wimbledongo torneoa data berean jokatzen da beti, abuztuko lehen astelehena baino sei aste lehenago. Gizonezkoen aurreko txapeldunak jokatzen du lehen partida. Lehen igandean ez da jokatzen, atseden hartzen du torneoak. Hori bai, euriak eragindako atzerapenengatik, 1991n, 1994an eta 2004an jokatu egin zen.

Jende ilarak

Luze-luzeak. Sarrera gehienak aurretik saltzen dira, baina egunero pista guztietarako —erdikoa eta lehen biak barne— 5.000 sarrera jartzen dira salgai leihatiletan. Jende ilara luze-luzeak egoten dira, ondo antolatuak, eta zale askok egiten dute gaua han bertan. Sarrera bakarra eros daiteke pertsonako, eta ezin zaio tokia gorde beste inori. Partidak 10:30ean hasten dira, ez minutu bat lehenago, ez geroago. Puntualtasuna erabatekoa da.

Marrubiak esne gainarekin

3,5 euro. Wimbledongo askari ofiziala. 3,5 euro balio du katiluak, eta ezin ditu hamar marrubi baino gutxiago izan. Aurten, 28.000 kilo marrubi eta 7.000 litro esne gain zerbitzatu dituzte. Marrubiak elsanta motakoak dira, eta zerbitzatzen den egunean jasotakoak, Kent konderrian. Kamioiak 05:30erako egon behar du Wimbledonen. Marrubiez gain, 28.000 botila xanpain ere saldu zituzten, eta 100.000 pinta garagardo (56.000 litro).

Pista sabaiduna

Zerbaitekin amore eman behar zuten. Wimbledon eta euria eskutik doaz, tradizioaren parte dira, baina, urte askotan izandako arazoak ikusita, All England Club-ak amore eman behar izan zuen, eta 2009an erdiko pista estali zuen. Lanek 110 milioi euro balio izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.