Kasualitateez harago

Alavesi bederatzi puntu joan zaizkio sei partidatako azken minutuetan; igandean azkenekoz. Realaren galbidea ate aurrean ez asmatzea da

Remiro, Zubimendi eta Zubeldia, Bartzelonaren hirugarren gola jaso berritan, herenegun, Anoetan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Gauza bat behin edo bitan gertatzen bada, zortearen aldagaia aipatzen da azalpenik aurkitu ezin denean. Beste kontu bat egoten da atzean, ordea, gauza bera gehiagotan gertatzen denean. Espainiako ligako Lehen Mailako azkeneko jardunaldian, Alavesek eta Realak galdu egin zuten: arabarrek, doi-doi (1-0 Atletico Madril liderraren zelaian), eta Realak, nabarmen, alde handiz (1-6 Bartzelonaren aurka, Anoetan).

Alavesena azaltzeko datu zehatz bat dago: denboraldi honetan, bederatzi puntu galdu ditu sei partidatako azken minutuetan. Zerrenda luzea da, beraz. Azkenekoa herenegun bertakoa da, Joseluk penaltia huts egin zuelako 86. minutuan. Banakoa zatekeen.

Zerrenda horretako aurreneko kasua lehen jardunaldian izan zen: Betisek puntua kendu zion 94. minutuko penalti batekin. Bigarrengoa hamazazpigarren jardunaldian gertatu zen, Atletico Madrilek 1-2koa 89. minutuan sartu zionean. Ondoren, bi partida geroago, berriz ere Joseluk egin zuen kale penaltiz, 91. minutuan, eta Sevillak 1-2 irabazi zuen; duela gutxi, Betisek sartu zizkion bi gol 81. eta 89. minutuetan, eta3-2 irabazi zion. Duela bi jardunaldi Cadiz izan zen hiru puntuetatik bi kendu zizkiona Abelardoren taldeari, berdinketa penaltiz egin eta gero, 84. minutuan.

Reala eta eraginkortasuna

Bartzelona golak sartu eta sartu ari zenean herenegun Anoetan, Manchester Unitedek Realari Europa ligan eman zion astindua ekarri zuen gogora (0-4). Golak jaso, erraz, eta sartzeko, komeriak, orduko hartan eta igandean, nahiz eta aukera garbiak sortu zituzten. Eraginkortasuna huts egiten ari zaio taldeari nahi baino gehiagotan, eta talde handien aurka, haiek asmatzen hastean, ematen du etsiak jotzen duela taldea. Txikiagoen aurka ere komeriak izan ditu gol aukerak sartzen asmatu izan ez duenean. Aurreak erakusten omen du atzea nola dantzatu, eta, Realaren kasuan, asmatzen ez duenean, dantza gutxi.

Igandeko deskalabrua azaltzeko kontu ezdeusa ematen du eraginkortasunak, baina partida hasierako aukera garbiek ere ezaugarri horretara daramate analisiaren arreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.