'Herria' kazeta irakurtzea sustatzeko kanpaina abiatu dute

EEPren laguntzarekin, urtea 17,50 euro ordainduko dute kazetaren harpidedun berriek

Monika Legarto, Peio Jorajuria, Maider Behotegi eta Jean Louis Hariñordoki, herenegun, Baionan, hitzarmenaren aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU.
Julene Muruaga Hiriart
Baiona
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Herria elkarteak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak urte batez Herria astekaria jasotzeko harpidetza kanpaina aurkeztu zuten herenegun, Baionan. Han izan ziren, besteak beste, Peio Jorajuria Herria elkartearen burua eta Maider Behotegi EEP Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria. Jorajuriak adierazi du eginak izan diren inkesta batzuetan ageri dela papereko prentsaren irakurle kopurua apaltzen ari dela, eta ondorio hori euskarazko euskarriek ere jasaten dutela; horien artean da Herria. 1944an sortua izan da kazeta; Piarres Lafitte izan zen sortzailea. Astekariak Euskal Herri osoko berriak aipatzen ditu, baita nazioartekoak ere. Berezitasuna du Iparraldeko 30 bat herri txikitan berrikariak badirela, boluntario gisa herriko berriak idazten dituztenak, gehienetan bakoitzak bere euskalkia erabiliz. Gaur egun 2.000 harpidedun ditu Herria kazetak.

Iparraldean euskararen erabilpena garatzeko prozesu batean direla ikusita jo du EEPk Herria elkartearengana. Adostu duten harpidetza kanpaina berriari esker, 2024ko ekainera arte harpidedun berriek 17,50 euro ordainduko dute urtea—70 euro ordaintzen dute orain arte—; EEPk urteko harpidetzaren %75 diruztatuko du.

Irakurtzeko ohiturarik ez

Euskara «mintzatzen eta erabiltzen» dela esan dute, baina euskaraz ez dela hainbeste irakurtzen, eta egoera apaltzera doala. Hori ez gertatzeko, uste dute astekaria irakurtzea «ezinbestekoa» dela, «euskara hobetzeko», izan betidaniko euskaldunentzat, izan euskaldun berrientzat. «Euskaldun osoa izateko, lehenik behar da euskara ulertu, euskara mintzatu; ondotik, euskara idatzi; eta, bukatzeko, euskaraz pentsatu», azaldu du Jean Louis Hariñordoki Herria elkarteko kideak. «Irakurriz, hori guztia hobetu daiteke». Eskaintza berriari esker espero dute irakurleak ausartuko direla «lehen urratsa egiten», eta Herria irakurtzen hasiko direla.

Monika Legartok, Herria-ren diruzainak, nahiko luke laguntza horrek astekariaren etorkizuna «segurtatzea», eta espero du «harpidetza kopurua emenda dadin, irakurleen gustukoa izan dadin eta iraun dezan ondoko belaunaldientzat». Astekariaren ahalmenak ere hobetu nahiko lituzkete, orrialde kopurua emendatuta —hamasei orrikoa da gaur egun—, irudi guztiak kolorez jarrita, dosierretan inkesta luzeagoak proposatuta irakurleei...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.