Iparraldeko sagar motak ikertzeko lanean

Alain Borda ikerlariak Zuberoako sagar motak zerrendatu ditu, eta orain Lapurdi eta Nafarroa Beherekoekin ari da

Alain Bordak eta Allande Etxartek Zuberoako sagarrondoak herritarren ondare direla erakutsi dute. ASTOBELARRA.
Ainize Madariaga - Iñaki Larrañaga
2014ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herri guztia sagarren atzetik zeharkatu duenetariko bat da Alain Borda (Arbona, 1971). Ingurumen teknikaria ofizioz, afizioa ere eremu horretara bideratu du, sagarrondo mota zaharren biltzaile, ikerlari, txertatzaile eta jakintza horren hedatzaile bihurtu baita azken urteetan. Xiberoako sagarretaz liburua plazaratu du Astolabeitia argitaletxearekin batera. Dena den, proiektuan hainbat bidelagun izan ditu: Allande Etxartek (Altzai, 1950) idatzi ditu Bordak buruan eta paper muturrean zituen ohar guztiak, eta Lauren Caudinek editore lanak egin ditu.

Ez da gai berria Bordarentzat, duela hogei urte hasi baitzen lekuan lekuko sagar motak ikertzen. Harentzat, sagarrak herriaren ondare dira, eta bere burua jakintza hori transmititzearen arduradun ikusten du. Euskara galdua dagoen kasuetan ere pentsatzeko eran barneratua dagoen zerbait dela azpimarratu du. Betidanik ezagutu dituzte sagarrak Bordaren etxean. Horiek bildu ez ezik, Miarritzeko (Lapurdi) merkatuan saldu dituzte aspalditik, arrakasta handiz, eta hura bihurtu da etxe horren diru iturri nagusia.

Datu zientifikoez gain, liburuak adibide historiko bat dakar gogora. Atharratzeko Graxiana Goihexen historia azaltzen da bertan. 1661ean, Lapurdiko 60 sagarrondo ekarri omen zituen bere ezkontzeko dotean. Baina landatzea ez da nahikoa, zuhaitz horiek ehun urteko bizia dutelako gehienez ere. Hori dela eta, sagarrondoak loturik egon ohi dira etxaldeekin. «Sugea beti bizirik duzu larru berriaren pean, beti mugimenduan. Sagartzea ere kate bat da, enpeltatu behar da, kate hori eten ez dadin Arrunt barneratua dugun zerbait da», azaldu du Bordak.

Geroztik, katearen ideia beti egon da hor. «Zuberoan ezagutu dut gaiaz zekien jende zinez umila, eta pentsatu dut zerbait egin behar zela horiekin. Gazteek horren historia jakin behar dute, jakitate hori gal ez dadin», azaldu du.

Jakitate horren beste adibide bat azaldu du Bordak, Larraineko Irabarne jaunarena. Gerra denboran goserik izan ez zuela diote, alemaniarrek errota erabiltzea debekatu zietenean sagarrez elikatu baitzen denbora luzez. Duela gutxira arte, sagar gabe nekez bizi zitekeela dakar gogora liburuaren egileak.

Dena den, orain arte eginiko lana beste pauso bat besterik ez da. Etorkizunean gaian sakontzeko asmoa dauka, eta beste liburu bat argitaratzeko asmoa dauka. Orain, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko sagarrondoen aztarnei segika egon da, alde horretatik Europako eskualde aberatsenetarikoak baitira. Guztira, 80 mota baino gehiago ditu ikerleak zerrendaturik, eta gehiago biltzeko prozesuan barneratuta dago egun.

Aipatutako aipamen historikoez gain, argitaratutako liburuak hamalau lekukotasun, hamasei sagar motaren argazki eta deskribapenak, errezetak, esaera zaharrak, osagarriak, gomendioak, eta beste hainbat zehaztasun bildu ditu. Azkenik, Pierre Landhe hiztegitik enpeltatzeak erakusteko hainbat ilustrazio erabili dituzte: «Aita Landheri omenaldia egin nahi izan diogu, errespetu marka erakutsi nahi genion. Bere garaian, jadanik, lan interesgarria egin zuen gaiari buruz».

Egun oroz sagarra jan, ehun urtez bizi izan, dio Ipar Euskal Herriko esaera zahar batek. Eta ez zaio arrazoirik falta, hainbat sagar mota erabiliz urte osoan jateko aukera baitago. Jondoni petri mota lehenbiziko, agorril ondotik, anisa hirugarrenik eta martxora arte gorde daitekeen neguko arraneta beltza edo gorria bukatzeko.

Mauleko Agerriako sagardiak badu garrantzia sagar mota horien mantentze lanetan, fraideen eskutan zegoenean inguruko jendeak bertara jotzen baitzuen sagarrondoen txertoak egiteko adarren bila. Lan horri jarraiki, 1998an sortutako Sagartzea elkarteak sagarrondo mota zaharrak txertatzen eta landatzen segitzen du espezierik gal ez dadin. «Jakintza hau herriarena da, eta hala egon behar du. Horregatik, Sagartzea elkartean auzolanean jarduten dugu». Horretan dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.