Futbola. Osasuna Bigarren Mailan. Iritzia

Aluminosiak jota

2014ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Nahiko ezagunak dira porlanaren kulturak gure gizartean utzi dituen ondorioak, baita gure erreferentzia kultural eta sozialetan eragin duen triskantza ere. Bada, Nafarroa eta bere errealitate bereizia ez dira salbuespenak izan. Esango nuke porlanaren hauts kirastuak Barricadaren banaketan ere eragina izan duela. Egia da bide horretatik etorri zirela epe motzeko arrakasta guztiak, baina baita ondorengo biharamunak ere. Eta orain konturatu gara garrafoia zela. Egungo gizarteko ikono guztien artean kirolak ere edan zuen, noski, iturri kutsatu horretatik. Gogoan al duzue Portland San Antonio? Kasu, Europako Txapelketa behin irabazi zuen, eta Asobal liga bitan… Eta iaz iragarri zuen ez zuela dirurik lehiatzen jarraitzeko. Horrelakoetan, behin Panoramixek erromatarrei edabe faltsuarekin egin zien azpijokoa etortzen zait gogora. Lehenengo indartsu zirela sinetsarazi eta azkenean ipotx bihurtu zitueneko hura. Hala ere, orain arte uste nuen gu ez ginela erromatarrak, bestaldekoak baizik. Oker nengoen itxuraz.

Osasunak ez zuen sekula horren indartsu izanaren ilusioa sufritu, edabe mota hori futbol bertsioan garestiegia baita. Bueno, ez da egia. Patxi Izkok tranpa egin eta ezkutuan tanta batzuek edan zituen, eta orduan etorri zen sasi-loraldia: Espainiako Kopako finala, laugarren postu bat, Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa, UEFAko finalerdia. IFFHS erakundeak 2006ko abenduko munduko talderik onena izendatu zuen, hortik atera kontuak. Zoritxarrez, azken horretaz ohartu ere ez ginen egin.

Izkoren garaiak joan ziren, eta nafar stablishment-arekin zegoen amodiozko harremana hautsi, baina ez porlanak utzitako hautsaren jario fin bezain saihetsezina. Reyno-a eraitsi zen, eta horrekin batera agertu ziren barnean zituen miseria guztiak, baita taldeari eragindako nortasun krisia ere. Osasuna ez da talde saltzailea, batzuek urte luzez hori sinetsarazi nahi izan diguten arren; talde kudeatzailea da, edo hala zen, behintzat: kudeaketaren burua hotz, eta jarraitzaileen bihotza bero. Horregatik da CA, eta ez SA (sozietate anonimo), nahiz eta ez agian luzarorako.

Hein batean ez da kasualitatea Osasunak gordin-gordinean bere zor erraldoia onartu duen denboraldi honetantxe, justu orduantxe, Bigarren Mailara joatea. Zor ekonomikoaren atmosfera nahasiari harmailetako giro hotza gehitu zaio. Gutizia artean ibili eta gero, zaila egin zaio zalegoaren zati bati plater bete babarrun dastatu beharra berriro.

Horrek guztiak sortu du, nire ustez, aurtengo ekaitz perfektua. Osasunak bazekien jendartearen garai bateko grina galdu zuela, eta barnean zegoen zulo beltzak gainontzekoa egin du. Itolarriari pazientzia ezak jarraitu dio, horrek joko estilo baten jarraitutasunik ezari, eta horrek, aldi berean, orain denok ahotan dugu nortasunik ezari. Politago jokatzeko ahalegina egingo zutela iragarri zuen Mendilibarrek ikasturte hasieran, baina, azkenean, Osasunak zertan jokatzen zuen ez zekielako irudia eman du sasoi guztian zehar.

Eta, hala ere, denboraldi amaiera negargarria egin behar izan du —otsailean Atletico Madrili irabazi zionetik (3-0) bi partida besterik ez du irabazi— azken jardunaldian gutxigatik jaisteko.

Txarrena da aipatu ekaitz horretan kapitain garbi baten falta nabaria izan dela. Artxanko zilegitasunik gabe, Gracia galoi faltan, Puñal bere onenak emanda eta ingurura begira erreleboa eskatzen. Nor? Torres? Gehiegi, txo. Oier? Toki guztietan aritzetik inon ez jokatzera pasa zen. Silva? Burua Txinan. Andres? Atezain-jokalari postua balego… Cejudo? Itxaron, botaren lokarriak janzten ari da eta. Eskerrak Oriol Rierak hamalau gol sartu dituela.

Orain pentsatu nahi dut umiltasuna, adimena, seny-a edo dena delakoa berreskuratuko dela eta harrobiaren aldeko apustua egingo dela, eta hurrengoan jokalariren bat saltzen bada gutxienez 10 milioi poltsikoratuko direla. Baina orduan konturatzen naiz hori Realak egin berri duela eta Realekoak euskal herritarrak direla eta... ai ama! Honez gero, xeke arabiarren bat konbentzitu nahian ote dabiltza?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.