Ezarian

Animaliek ere opor garaiaz goza dezaten

Udako oporraldia etxeko animaliekin batera gozatzeko aukera ugari daude egun; besteak beste, animalientzako egoitza batean utz daitezke, edo haiekin batera bidaiatu.

2013ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Zer egin gure animaliekin udan? Galdera horri erantzuten saiatzen dira asko eta asko opor garaia iristen denean. Izan ere, kanpora joan nahi izanez gero, kontuan hartu behar izaten dira horiek ere. Buruhauste batzuk eman arren, hamaika aukera daude bidaiatu nahi dutenek eta maskotek, biek ala biek, udaz goza dezaten.

Animaliekin batera bidaiatu ala ez. Horra hor aurrena hartu beharreko erabakia. Kepa Tamames ATEA Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteko bozeramaileak argi du: «Gure betebeharrak gure gain hartu eta animalia gurekin batera bidaian eramatea da egokiena». Aukera hori posible izateko, gero eta hotel gehiagok onartzen dituzte animaliak.

Animaliekin bidaiatzea aukeratzen duten gehienek autoan eramaten dituzte. Tamamesen arabera, ez dago horretarako arazorik. Hori bai, beharrezkoa da segurtasun neurriak hartzea. «Haurrekin jokatuko genukeen modura jokatu behar da animaliekin ere», adierazi du. Besteak beste, ongi lotuta eraman behar dira. «Eta ez mareatzeko, berriz, albaitariak eman diezaguke zerbait».

Bestalde, animaliekin ez bidaiatzea erabakitzen bada, ezagunen baten etxean uztea da aukerarik egokiena, Tamamesen ustez. Kasu horretan, txakurrekin ez da arazorik egoten. «Txakurrak animalia gizartekoiak dira, eta segituan egokitzen dira», adierazi du Tamamesek. Katuei, ordea, gehiago kostatzen zaie, eta, «oso beharrezkoa ez bada», ez da komeni etxez aldatzea.

Animaliak ezagunen batekin uzterik ez dagoenean, berriz,haientzako bereziki prestatutako egoitzetan uztea da beste aukera bat, jabea oporretan den bitartean. «Orain dela hogei urte, ia ezinezkoa zen Euskal Herrian txakurrentzako hotelak aurkitzea; orain, ordea, asko daude», adierazi du Tamamesek. Horrelako egoitza gehienek txakurrak eta katuak jasotzen dituzte, baina badira bestelako etxeko animaliak onartzen dituztenak ere.

Meñakako (Bizkaia) Txakurbai egoitzak, esaterako, zerbitzu hori eskaintzen du. «Txakurrak, katuak eta beste edozein maskota onartzen dugu gure egoitzan», azaldu du Nuria Garciak, egoitzako arduradunak. Txakurrez eta katuez gain —120 txakur eta hamabi katurentzako lekua dute—, hudoak eta untxiak nahiko sarri jasotzen dituzte. Eta kaimanen bat ere zaindu dute noizbait. Halako kasuak ez dira ohikoenak izaten, ordea.

Haurrentzako kanpalekuekin alderatzen du Garciak egoitza. «Jabeak bila etorri bitartean, animaliek ahalik eta ongien pasatzea da gure lana». Garciaren ustez, egoeraren arabera, gomendagarriagoa da animaliak egoitzan uztea, bidaian eramatea baino. «Adibidez, eguna hondartzan pasatzera bazoaz bero asko egiten duen lekuren batera. Edo eguna ekintzak egiten pasatu behar baduzu eta animaliarentzako denborarik ez baduzu».

Berehala egokitzen dira

Nahi adina denboraz utz daitezke animaliak Txakurbai egoitzan. Baldintza batzuk bete behar izaten dira, ordea. «Esaterako, animaliek albaitariaren kartilla izan behar dute, eta txakurren kasuan mikrotxipa», adierazi du Garciak. Eta, batez ere, ezin dute gaixotasunik izan. Badaezpadako neurria da, egoitzako beste animaliak kutsa ez daitezen.

Garciaren esanetan, berehala egokitzen dira toki berrira. Parke handi bat dute egoitzan, eta, txandaka, jolastera ateratzen dituzte txakurrak. «Jolasean, oso ongi pasatzen dute denbora; azken finean, hemen txakur izaten uzten diegu. Hirian, berriz, apur bat gizatiartuta ditugu, beste erremediorik ez dagoelako». Txakur bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak kontuan izaten dituzte jolas taldeak antolatzeko. Antzeko tamaina duten animaliak, esaterako, batera ateratzen saiatzen dira.

Behin jolas garaia pasatuta, dena den, txakur bakoitzak eremu itxi bat du berarentzat bakarrik. «Garrantzitsua da bakoitzak bere lekua izatea eta pilatuta ez egotea», adierazi du Garciak. Eremu horretan, estalpe bat eta gune ireki bat izaten ditu, egoitzako beste txakurrak ikusteko. Leku berrira hobeto egokitzeko, Garciak etxeko objekturen bat eramateko aholkatzen die jabeei, alboan zerbait ezaguna izan dezaten. Esaterako, jostailuak edo mantaren bat eramaten dituzte.

Ongi jango ote duten izaten da jabeen kezka nagusia animaliak egoitzan uztean; edo triste jarriko ote diren. Izan ere, errudun sentitzen dira asko, animalia abandonatu dutelakoan. Garciaren arabera, ordea, ez dago kezkatzeko arrazoirik. «Txakurrek ez dute guk bezala pentsatzen, eta ez dute sentitzen utzi egin ditugunik». Horregatik, normal jokatzeko gomendatzen die Garciak maskoten jabeei, bai egoitzan uztean, bai bila joaten direnean. «Arreta gehiegi emanez gero, itota sentitzen dira».

Opor garaietan izaten dituzte animalia gehien Txakurbain, «jende guztiak jai duenean»: udan, zubietan, Aste Santuan eta Gabonetan. Dena den, Garciaren esanetan, beste hainbat arrazoirengatik ere eramaten dituzte animaliak egoitzara. Besteak beste, etxean obra egin behar dutelako, ebakuntza ondorengo egunak pasatzeko edota araldian daudelako.

Garciak bere senarrarekin eta lagun batekin batera darama negozioa. Senarra eta bera egoitzan bertan bizi dira, eta horrek etengabe animalien gainean egotea ahalbidetzen die. «Azken finean, izaki bizidunak dira, eta horrek ardura handia eskatzen du», adierazi du Garciak. Gainera, zerbait pasatuta ere, larrialdietarako albaitari bat ere eskura izaten dute une oro. Hortaz, animalia Txakurbain edota horrelako egoitzaren batean uzten duten jabeek ez dute zertan kezkatu. Lasai joan daitezke oporretara.

Asko, kalean utzita

Aukerak badaude, hortaz, etxeko animaliek ere udaz eta oporrez goza dezaten. Denek ez dute aukera hori egiten, ordea. Badira oporretara joatean animaliak kalean uzten dituztenak ere. Dena den, ez da opor garaia izaten animaliak gehien uzten diren garaia. Tamamesen esanetan, hori buruan sortu dugun irudi bat da, «errepidean doan autoarena, atea ireki eta txakurra bazterrean uzten duena». Ez da, ordea, errealitatearen isla. Urtean zehar, udan bezainbeste animalia uzten dituzte kalean.

2010ean, esaterako, ia 8.000 txakur eta 3.000 katu jaso zituzten kaleetatik Hego Euskal Herrian. «Horiek dira zenbatzen direnak, baina kalean utzitakoak askoz gehiago izango dira», esan du Tamamesek. «Joera ez da ia jaitsi azken 25 urteetan, eta horrek kezkatu egiten gaitu». Tamamesen ustez, animaliak uztea legez kanpokoa izan arren, administrazioak ez du esku hartzen arazoa konpontzeko. «Animalien gaia beste batzuen atzetik jartzen da beti; ez zaie garrantzirik ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.