Herritartasuna

Gero eta hertsiagoa da onilaren begia

Aspaldikoa da odol eskubidearen eta sortze eskubidearen arteko gatazka, Frantziako herritartasuna lortu ahal izateko. Azken xedea inposatu da, baina baldintza ugarirekin.

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Frantziako nazionalitatea lortzea gero eta zailagoa dela dio Laurence Hardouin Baionako abokatuak. Zailtasunak azaltzeko eskatuta, erantzun zalua du: «Gaur egun, zailtasun handienak dira eskaria egiten duenak frantses maila jakin bat bermatzea (ahozkoan zein idatzian), lan finkoa izatea eta bederen SMIC edo gutxieneko soldataren parekoak diren diru iturriak izatea». Ironiaz dio Frantzia hutsik legokeela ortografia akatsak egiten dituzten frantsesei naziotasuna kenduko baliete.

Ezkontzak, berez, ez du ematen eskubide hori. Ezkontza egunetik lau urte pasatu behar dira naziotasuna lortzeko. Bikoteak ezin badu ezkontza frogatu, bost urtez elkarrekin bizi izan direla frogatu beharko du. Ezkontza atzerrian egin badu, Frantziako egoera zibileko erregistroan agertu beharko du. Ezkontzaren egunetik naziotasuna aitortu bitarteko epean, elkarrekin bizi izan behar du bikoteak, eta Frantziako nazionalitatea duen pertsonak ez dio uko egin behar izan nazionalitateari.

Frantziako herritartasuna lortzeko traba nagusiak ere ageri dira testuetan: Frantziaren interesen kontrako deliturik edo krimenik egin izana da marra gorri bat; «terrorismo» aferekin lotura izatea da bertze bat; eta sei hilabete baino gehiagoko espetxe zigor irmoa da bertze zedarria. Hala ere, legeak dio posible dela epaile batek agindurik eta haren zaindaritzapean egindako «gizarteratzea».

Haurren eskubidea

Nahiz eta gurasoak atzerritarrak izan, Frantzian sortu den haur batek frantses herritartasuna lortzeko eskubidea dauka, baita 18 urte bete baino lehen ere. 16 urte betetzen dituelarik, eska dezake Frantziako herritartasuna, Frantzian bizi bada eta frogatzen badu azken bost urteotan han bizi izan dela. 13 eta 16 urte bitarteko haurrak ere lor dezake, gurasoek eginik eskaria. Bost urteko egonaldia derrigorrezkoa da, haurraren oniritziarekin batera. Eskariarekin batera, agiri ofizial guztiak helarazi behar dizkio administrazioari, eta horrek sei hilabeteko epea du onartzeko edo ez.

Gazteak, 18 urte betetzean, frantses herritartasuna har dezake, automatikoki frogatzen baldin badu bost urtez bizi izan dela Frantzian.

Nahiz eta baldintza guztiak bete, administrazioak uko egin diezaioke eskariari. Traba izan daiteke egonaldi baldintzak urratu izana edota espetxe zigorra bete izana.

Hizkuntza, lege

Frantsesa jakitea ezinbesteko baldintza da. «Eskaria egiten duen pertsonaren maila sozialaren arabera (ikasketa maila, diru iturriak...), frantsesa menperatzen duela frogatu beharko du agirien bidez edo frantses administrazioaren baliokidetza duen erakunde baten baieztapenaren bidez». «Asimilazio elkarrizketa» baten bidez frogatuko da eskaria egiten duen pertsonaren maila.

Gisa berean, frogatu beharko du «frantses balioei» dien atxikimendua. Horretarako, «errepublikaren oinarri eta funtsezko balioekin» bat egin behar du, eta Frantziaren historia eta kultura ongi ezagutu. Asimilazioa egokia den jakiteko, proba bat eginen da: buruz buruko elkarrizketa bat prefeturako edo kontsulatuko langile batekin. Ondoren, eskaria egin duen pertsonak izenpetu behar du «frantses herritarraren eskubide eta eginbeharren ituna».

«Bizimodu egokia» duen jakiteko, prefeturak inkesta bat egingo du. Bertzeak bertze, zergak behar bezala ordaintzen dituen ikertuko dute. Auzokideei ere egin diezaiekete haren ohiturei buruzko galdeketa bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.