Historia munduari kontatzeko

Zinema adituek uste dute Kataluniako gatazkak emango lukeela film baterako, baina polemika piztuko lukeela. Zailtasunak zailtasun, zinemagile prestigiotsu dezentek ekin zioten Ipar Irlandako eta Hegoafrikako gatazken inguruko filmak egiteari, eta mundu osoan zabaldu ziren.

Tiro en la cabeza. Ion Arretxe zenak ETAko kide baten rola jokatu zuen Jaime Rosalesen filmean. BERRIA.
urtzi urkizu
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Herrialdeetakohistoria eta gatazkak jendeari kontatzeko tresna baliotsua da zinema. Zailtasunak zailtasun, gatazketako film asko zabaldu dira mundu zabalean. Katalunian azkeneko asteetan izan diren gertakariek emango lukete pelikula mamitsu baterako. Ez litzatekeela erraza uste dute zinema adituek, baina etorkizunean filmak iritsiko direla iruditzen zaie.

Pelikula orekatua eta alderdikeriarik gabekoa izatea oso zaila izango litzatekeela uste du John Carlin idazle eta kazetariak—hainbat egunkaritan idazten du, eta berriki El País-ek kendu egin du bere kolaborazio zerrendatik Kataluniako auziaz The Times-en idatzitako artikulu bategatik—. «Kataluniako krisiaz egingo litzatekeen edozein film polemikoa izango litzateke, baina interesgarria. Ideia ona litzateke», adierazi du idazleak. Karolina Kosinska zinema aditu eta Poloniako Kwartalnik Fimowy ikerketa zinematografikoen aldizkariko editoreak uste du istorio erakargarri bat kontatzeko aukera legokeela: «Baina kanpoko norbaitek egin beharko luke, distantzia mantenduz. Alde batera edo bestera joz gero, berehala propagandatzat hartzeko arriskua izango luke».

Andres Gostin Mondragon Unibertsitateko irakasleari —XX. mende erditik aurrerako indarkeria politikoaren errepresentazioa euskarazko fikziozko ikus-entzunezkoetan doktore tesia aurkeztu zuen, 2015ean— iruditzen zaio ez litzatekeela batere erraza izango pelikula batean Kataluniako azkeneko asteetako gertakariak jasotzea, baina filmak egin, egingo dituztela ziur dago: «Zinema oso tresna ona da memoria jasotzeko. Memoria beti orainaldian jokatzen da, gainera. 1936ko gerraz film bat egiten duzunean, gaur egungo testuan egiten duzu, eta gehiago kontatzen du pelikula egin den testuinguruaz pantailan ikusten den istorioko testuinguruaz baino». Beti orainetik gogoratzen dela gaineratu du. «Eta orainaldiko balio, emozio, ideologia eta botere harremanen bidez artikulatzen da memoria. 1936ko gerraz gain, iruditzen zait Euskal Herriak azken hamarkadetan bizi izandako gatazkaz oso gutxi filmatu dela».

Kataluniako auzia film baten bidez mundu osora iritsiko litzateke. Carlinen iritziz, zinemak benetako gai politikoak jorratzen dituenean, publiko oso zabaletara iristeko aukera dauka, egunkariak eta liburuak irakurtzen dituzten herritar kopuruekin alderatuta. Makina bat adibide daude. «Ordu eta erdi eta bi orduko tartean, modu erraz eta erakargarri batean konta daiteke herrialde baten gatazka film baten bitartez». Hori baieztatzeko orduan, hark ikusitakoa du buruan. 2008an Playing the Enemy: Nelson Mandela and the Game that Made a Nation liburua idatzi zuen. Nelson Mandelak 1995ean Hegoafrikako errugbiko munduko kopan hartutako erabakiak jaso zituen liburuan. Clint Eastwoodek zinemara eraman zuen liburuko istorioa, 2009an. Morgan Freemanek egin zuen Mandelarena, eta Oscar sarietarako izendatu zuten. «Zinemak aukera eman zion munduari Mandela hobeto ezagutzeko. Imitatzea merezi duen pertsona bat».

Ipar Irlandako pelikulak

Hegoafrikako filmak egon diren moduan, Ipar Irlandako historia munduari ezagutarazteko film esanguratsuak egin dituzte. Kosinskak sakon aztertu du Ipar Irlandako gatazkarekin lotutako zinema. «Zinemak, beste kultur adierazpideek bezala, gauzak kontatzeko ahalmena du, nortasun nazionala lehengoratzeko eta ziurtatzeko, modu esplizituan eta sarkorrean», azaldu du Kosinskak. «Garai batzuetan, borroka armatuaren kausak azaltzeko tresna izan da zinema. 1990eko hamarkadatik aurrera, IRAren su-etenaren ostean, zinemak adiskidetze plataforma gisa jokatu du, baina baita kontu kitapen gisa ere». Jim Sheridan eta Neil Jordan dira Ipar Irlandako gatazkarekin lotutako film esanguratsuak egin dituzten bi zinemagile. «Garrantzitsuak izan ziren haien pelikulak, irlandarren ikuspuntua eman zutelako», esan du Poloniako zinema adituak. «Era berean, Erresuma Batuko Gobernuaren jarrera kritikatu dute zenbait zinemagile britaniarrek filmek: Ken Loachen Hidden Agenda, Paul Greengrassen Bloody Sunday, Mike Leighen Four Days in July...». Irlandako Eliza katolikoak egindako basakerien inguruko pelikula adierazgarri bat ere oroitu du Kosinskak: Peter Mullanen The Magdalene Sisters. Gostinek Sheridanen trilogia nabarmendu du: In the Name of the Father, Some Mother's Son eta The Boxer. «1990eko hamarkadan pelikula horiek garrantzi handia izan zuten. Kontuan izan behar da ingelesez egindako filmak direla, eta munduko merkatuetara iristeko erraztasunak dituztela». Irakaslearen iritziz, AEBen aldetik «permisibitatea» egon zen film horien zabalpena emateko.

Erresuma Batuan, berriz, arazoak sortu zituzten zenbait filmek, Kosinskak kontatu duenez: «Michael Collins filmarekin, adibidez, britaniarrak histeriko jarri ziren, mitoak sortu eta Collins heroi nazional gisa aurkeztu zuelako. Hidden Agenda pelikularekin ere ahots kritiko ugari altxatu ziren, Erresuma Batuak Ipar Irlandako borrokalarien aurka zuen politika basatia azaleratzen zuelako». Quim Casas Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle eta Donostiako Zinemaldiko hautespen batzordeko kidearen iritziz, «emaitza interesgarriagoa» da Hidden Agenda filmarena, Sheridanen filmetako «ukitu planfetarioak» baino. Gostinek dio Sheridanen pelikuletan familia arteko harremanak gailendu zirela: «Sentiberatasuna gailendu da gatazkak jasotzen zituzten film batzuetan, eta ez bakarrik Ipar Irlandan. Baita Alemanian, Italian, Latinoamerikan eta Euskal Herrian ere». Irakaslearen arabera, film askok memoria sentimentala lantzen dute, memoria ideologikoa baino. «Batzuk sentimentalismoan eta erretorika afektiboan gelditzen dira, baina bi memorien uztardura egin daiteke. Deshistorizazio bat gertatu da kasu batzuetan. Ez dakit ikuspegi humanitario eta bihozbera horrek ez duen desideologizazio prozesu bat mozorrotzen».

Casasek aitortu du zinemak gatazketako kasu zehatzak ezagutarazteko balio izan duela. «Baina ez dezagun ahaztu, adibidez, Paul Greengrassen Bloody Sunday filma baino urte batzuk lehenago U2 taldearen Sunday Bloody Sunday abestiak gertaera unibertsilizatu zuela, zinemak baino gehiago. Gauza bera gertatu zen Stephen Bikorekin eta Peter Gabrielen abestiarekin». Hegoafrikako aktibista izan zen Biko, eta mundu zabalean ezaguna egin zen Richard Attenborough zuzendariaren Cry Freedom filmari (1987) esker. Carlinek oroitu du lan hura Hegoafrikara lanera joan aurretik ikusi, eta harengan eragina izan zuela. «Horrelako pelikulek herri baten testuingurua modu emozionalean ematen dute. Erraietaraino iristen zaizkizu. Egia da halako film batzuetan egia sakrifikatzen dela, eragin narratibo handiagoa izateko. Gehienetan, hori egiten da, eta ikusleek adi egon behar dute».

Estua da zinemaren eta gizarteko gertakizunen arteko lotura. Hori aintzat hartu behar dela dio Gostinek: «Zinema ezin da ulertu gertaera apartatu bat balitz bezala, gizartetik aparte dagoen zerbait eszentrikoa balitz bezala. Zinema tresna egokia da errealitatea jasotzeko». Hala ere, irakasleak uste du zinema ez dela errealitatearen isla objektibo bat. «Baina zinema eta ikus-entzunezkoak, oro har, badira lanak egiten diren testuinguru sozialaren parte. Filmek iragana jaso dezakete, baina orain batetik». Gostini iruditzen zaio film guztiak direla historikoak, gai bat ala bestea jorratu. «Jasotzen dutelako egin diren garaiaren zati bat. Handia filmak, esate baterako, ez du bakarrik XIX. mendeaz hitz egiten, gaur egungo gizarteaz ere hitz egiten du».

Casasek ikuspuntu kritikoa du, zinemak testuinguru batzuetan izan dezakeen eraginaren inguruan. «Film asko egin izan dira Iraki buruz, Vietnami buruz egin ziren moduan, baina ez du ezertarako balio izan. Kasu askotan, pelikulak egiten dira, gatazka dagoeneko pasatu denean». Baikorragoa da Carlin, baina ñabardura egin du: «Istorio polemiko batean ikuspuntu bakarra ematen denean, errealitatea distorsiona daiteke. Eragina ez da beti ona». Iritzi publikoan filmek eragina izaten dutela argi du idazleak: «Pelikulak inteligenteak badira, are hobeto. Nelson Mandelak esaten zuen jendea konbentzitzeko bihotzera iritsi behar dela, garunetara baino gehiago. Film onek hori lortzen dute, bihotzera iristea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.