Baionan eginen du Seaskak, azkenean, lizeo berria

Paxkal Indo lehendakariak ia ziurtzat jo du aukera hori.Miarritzen egin nahi zuten, baina, izandako arazoengatik, bazter utzi dute asmoa

Baionako Bernat Etxepare lizeoko hainbat ikasle, gelan. BOB EDME / LE JOURNAL.
edurne elizondo
2015eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Seaskako lehendakari Paxkal Indok berak erran du, Euskal Irratietan: «Kasik segur da Baionan eginen dugula lizeo profesional berria». Miarritzen (Lapurdi) egitekoa zen; «Seaskak besterik ez zuen nahi», Indok nabarmendu duenez. Azkenean, ordea, aukera hori bazter gelditu da.

Bidarte herriak (Lapurdi) abian jarritako ikerketa batek utzi ditu hutsean Seaskako kideen asmoak: «Izarbel Teknopoloan dagoen zirkulazioari buruzko inkesta jarri dute martxan». Lizeo berria hor kokatu behar zuten, hain zuzen ere. «Miarritzeko auzapez Michel Veunacek inkesta hori baimendu du, eta hori egitean ukatu du gure lizeoa», erran du Indok.

Lizeoa Miarritzen egiteko proiektuarekin eskatu zion Seaskak diru laguntza Akitaniari. Bai eta lortu ere. «7,2 milioi euro eman digute». Eraikina egiteko epeak laster agortuko direla ikusita, bertze toki bat bilatu behar izan dute Seaskako arduradunek, eta Baionan aurkitu dute, azkenean.

ACBA herri elkargoak egindako proposamena onartu du Seaskak. Lur saila jarri du elkargoak erakunde horren esku. Hasierako proposamenak ez zituen erabat asetzen Seaskako kideen beharrak, txikiegia zelako. Lortu dute, ordea, lursail handiagoa. Lanbide heziketako lizeoarekin batera, kantina eta barnetegia egin nahi ditu Seaskak, hain zuzen.

Indok argi utzi du oraindik lan handia dutela egiteko. Lan teknikoa batez ere, zehaztu duenez. Egun Baionan bertan duen bertze lizeotik hurbil eginen du Seaskak eraikin berria. 2018. urterako bukatuta egon beharko luke egoitza berriak. 250 ikasle baino gehiago ditu Baionako lizeoak egun; hemendik hiru urtera, berriz, 700 baino gehiago izanen dituztela espero dute Seaskako arduradunek.

Indok argi utzi du Miarritzen egin nahi zutela lizeoa. «Miarritzentzat ere inportantea zen lizeo euskaldun bat izatea», nabarmendu du. «Politikariek behartu gaituzte Baionara joatera», gaineratu du Seaskako lehendakariak.

Hiru ikastola gehiago

Lanbide heziketako lizeoaren egoitza ez da Seaskak esku artean duen proiektu bakarra. Datorren ikasturtean bertze hiru ikastola izanen ditu Seaskak. Bi irekiko dituzte Lapurdin: Biriatun eta Basusarrin. Hirugarrena, berriz, Nafarroa Beherean, Azkarate herrian. Hasiera batean, 40 ikasle ingururentzat zabalduko dituzte ikastola horiek. Eskaintza bermatzea da helburua, Seaskako kideen hitzetan. «Aukera ematen bada, jendeak erantzuten du».

Izan ere, azken urteotan gora egin du ikastoletako ikasleen kopuruak Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean, eta igoera horri erantzuteko irekiko dituzte egoitza berriak. Euskararen Erakunde Publikoak zabaldutako datuen arabera, ikasle kopuruaren gorakada handiagoa da euskarazko murgiltze ereduan bertze ereduetan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.