Esne mamitan dago

Reala bigarren postuan dago ligan. Atzean ohi baino sendotasun handiagoa erakusten ari da, eta Anoetan ez du oraindik golik jaso

Oiartzabal eta Portu, Elxen kontrako gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Realak azken bost denboraldietako emaitza boladarik onena du ligan. Sei partidetatik bost irabazi ditu, eta bat berdindu. Hemezortzi puntuetatik hamasei bildu ditu. Baina hori ez da datu on bakarra, esne mamitan baita talde txuri-urdina. Bigarren dago sailkapenean, 16 punturekin. Puntu bakarrera du Real Madril liderra.

Azken denboraldietan Realak beti erakutsi du ahalmen handia erasoko jokoan. Baina sasoi honetan atzean ere sendo ari da Imanol Alguacilen taldea. Eta hor ere bada datu on eta esanguratsu asko. Besteak beste, Anoetan jokatu dituen lau partidetan ez du golik jaso. Hori, lesioak eta txandakatzeak tarteko, atzealdean oso multzo gaztea duenean. Igandean, Elxen aurka, Andoni Gorosabel zen zaharrena, eta 25 urte baino ez ditu.

Erasoan, berriz, izen bat nabarmendu behar bada, Mikel Oiartzabalena nabarmendu behar da. Igandean ere hark sartu zuen garaipenaren gola, Igor Zubeldiaren pase on bat eta Elxen atzealdekojokalari baten akatsa baliatuz. Herenegun sartutako golarekin 59 daramatza Lehen Mailan. Hala, Lehen Mailako txuri-urdinen hamar golegile onenen zerrendan sartu da. Lehen hirurak Jesus Mari Satrustegi (131 gol), Roberto Lopez Ufarte (102 gol) eta Darko Kovacevic (92 gol) dira.

Albiste txar bakarra erizaindegia da. Izan ere, hamar jokalari daude min hartuta. Baina bolada gozoa denean, txarrenari ona atera ohi zaio, eta hori ari zaio gertatzen Realari. Imanolek ondo ezagutzen ditu Reala B-ko jokalariak, eta denboraldi honetan ere konplexurik gabe ari da haien alde apustu egiten. Igandean Julen Lobetek eta Beñat Turrientesek hasieratik jokatzeko aukera izan zuten, eta ondoren zelairatu zen German Valera. Teknikaria pozik agertu zen partida amaieran: «Oso harro nago jokalarien jokabidearekin. Gaur ere ikusi da harrobia hor dagoela». Zaleentzako esker hitzak izan zituen. «Haien babesa funtsezkoa izan da, eta, partidak eta nekea pilatu ahala, haien ekarpena are funtsezkoagoa izango da».

Zuhurtzia ere eskatu zuen. «Hau hasi besterik ez da egin». Eta Anoetaren egoera txarraz ohartarazi zuen. «Ez dago batere ondo. Konpondu beharko dugun zerbait da, gure jokorako ez digulako mesederik egiten».

Ostegunean Europa liga

Orain Europa ligan du arreta jarria talde txuri-urdinak. Izan ere, ostegunean jokatuko dute multzo faseko bigarren norgehiagoka. Monako hartuko dute Anoetan (18:45). Lehenengoan, Realak berdindu egin zuen PSV Eindhoven zelaian: 2-2. Monakok, berriz, 1-0 irabazi zion Sturmi. Ez dirudi Imanolek min hartutako jokalari osaturik edukiko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.