Zaintza ikusgarri egin nahi dute sindikatuek martxoaren 8an

Bat egin dute greba feministarekin. Sistema «kapitalista eta heteropatriarkalaren» ordez, «bizitza erdian duena» aldarrikatuko dute. Bideoa albistearen amaieran.

Garbiñe Aranburu eta Leire Txakartegi, atzo, Bilbon, deialdia erregistratu aurretik. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Mugimendu feministak Emakumeen Nazioarteko Egunerako antolatu duen grebarekin bat egin du gehiengo sindikalak. ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, EHNEk, Hiruk, CGTk eta CNTk atzo erregistratu zuten martxoaren 8rako andreen 24 orduko greba, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren Bilbo eta Iruñeko bulegoetan. «Greba berezia da, enplegutik haragokoa. Zaintza lanak erdigunera ekarri behar dira, dagokien balioa emateko», ohartarazi zuen Leire Txakartegi ELA sindikatuko genero berdintasunerako arduradunak.

Dena den, zehaztu zuen lan munduan bertan ere badituztela greba egiteko arrazoiak. Haren esanetan, emakumeek bereziki jasaten dituzte prekarizazioa eta diskriminazioa. «Gogoratu behar dugu oraindik ere Hego Euskal Herrian %24koa dela soldata arrakala». Horregatik, Euskal Herriko andreak «etxean zein lantokian planto» egitera deitu zituen.

Iazkoaren arrastoa

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi zuen «indarrean dagoen sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistaren» aurkako greba feminista izango dela, «bizitza erdigunean» jarriko duen beste eredu baten aldekoa.

Iazko grebak utzitako arrastoari ere erreparatu zion Aranburuk. Uste du «bultzada berezia» izan dela sektore feminizatuetan piztu diren borroka sindikalentzat. Ugaritu egin direla azpimarratu zuen. «Greba honekin, langile subjektuaren berrosaketan pauso bat eman nahi genuke; askotarikoa da, baina guztien borrokak kolektibizatu behar ditugu, eta guztiok elkartzea beharrezkoa da».

[youtube]https://youtu.be/jYm79TbueHQ[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.