Interneten euskara indartzeko neurriak eskatu ditu Puntueus fundazioak

Euskal Herriko domeinuen eta euskararen erabilerari buruzko txostena aurkeztu dute. 2017an, %22 handitu da. .eus' domeinuen kopurua

Interneten euskara indartzeko neurriak eskatu ditu Puntueus fundazioak.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Hiru urte daramatza .eus domeinuak martxan, eta, 2017an ere, gorako bideari heldu dio. Hala erakutsi zuen atzo Puntueus Behatokiak Bilbon aurkeztu zuen txostenak. Iaz, %22 hazi zen .eus erabiltzen duten webguneen kopurua; 8.200 dira oraintxe. Interneteko hizkuntza ohiturak, ordea, ez doaz abiadura berean. Txostenaren arabera, Euskal Herriko domeinuen %16k dute euskarazko edukia. Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariak adierazi zuen euskararen erabileraren datuak «gutxi» aldatu direla, eta erakundeei eskatu die politikak «indartzeko».

Behatokiak hiru alor neurtu ditu txostenean: .eus domeinuaren egoera, Interneten erabilera Euskal Herrian, eta euskararen egoera Interneten. Bildutako datuen arabera, 26.663 webgunek dauzkate euskarazko edukiak; Euskal Herriko webgune guztien %16 dira. Waliñok adierazi du euskara sarean «osasuntsu» dagoela, eta .eus domeinua lagungarri dela horretan; izan ere, domeinu hori duten webguneen edukien %90 euskaraz dira. Hala ere, Waliñok azpimarratu du euskararen presentzia «egonkortu» egin dela, eta, beraz, ezinbestekotzat jo du «epe ertain eta luzerako politikak» martxan jartzea, euskararen erabilera zabaltzeko.

Hirugarren postuaren bila

Euskal Herriko webguneetako datuei ere erreparatu diete: beste urte batez, domeinu nagusiak .com eta .es dira; .eus seigarren dago. Hala ere, aurtengo hazkundea ikusita, Waliñok espero du 2020rako Euskal Herrian gehien erabiltzen diren domeinuetan hirugarrena izatea : «Antzeko tamainako domeinuekin alderatuz, hazkunde ona eta etengabea du .eus-ek». Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak berretsi du normalizazioaren bidean laguntzen ari dela domeinua: «.eus marka bat baino gehiago da: euskararen zabalkundearen erakuslea».

Bestalde, .eus erabiltzen duten erakundeei erreparatuz gero, enpresak izan dira nagusi berriro: erabiltzaileen %43 dira; 2016arekin alderatuz, bederatzi puntu handitu da domeinua erabiltzen duten enpresen kopurua. Horien ostean doaz euskararekin eta kulturarekin lotutako erakundeak (%15), eta instituzio publikoak (%11). Webguneen titularrak sexuaren arabera ere aztertu dituzte: %75 gizonak dira, eta %25, emakumeak.

Banaketa geografikoari dagokionez, indartsuena Gipuzkoa da, bertan baitaude .eus domeinuen %42. Azken urtean, ordea, Bizkaia azkarrago hazi da: %31ko kuota du. Gero datoz Araba (%11), Nafarroa (%5), eta Ipar Euskal Herria (%2). %9 Euskal Herritik kanpo daude: batez ere, diasporak eta teknologia enpresa handiek erregistratutakoak. Hain justu, aplikazio bat aurkeztu du Irontec enpresako zuzendari Iker Sagastik: Puntueus Mapa; .eus domeinua daukaten webguneak non dauden kontsulta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.