Alkohola edaten duten adingabeen gurasoak zigortzea nahi du Espainiak

Senatuak Adingabeen Alkohol Kontsumoaren Kontrako Legea osatzeko txostena onartu du. Salmenta eta kontsumoa mugatu nahi ditu

Erredakzioa
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Senatuak Adingabeen Alkohol Kontsumoaren Kontrako Lege proiektuaren oinarriak jasotzen dituen txostena onartu du. Hurrengo, Senatuko eta Diputatuen Kongresuko ordezkariek osatutako Drogen Ikerketarako Batzorde Mistoak eman beharko dio oniritzia. Kontsumoa jaisteko neurriak jaso dituzte. Besteak beste, gurasoak egingo dituzte adingabeen kontsumoaren erantzule, eta haiek zigortzea proposatu dute. Gainera, adingabeek behin baino gehiagotan kontsumitzen duten kasuetan, eta gurasoen «utzikeria» frogatuko balitz, adingabeak babesteko neurriak hartuko lirateke. Zigorra kentzeko, gurasoek ekintza pedagogikoetan parte hartu beharko dute adingabearekin.

Terrazetan eta baimendutako tokietan izan ezik, gainontzeko leku publikoetan alkohola kontsumitzea debekatzeko proposamena ere jaso du txostenak. Adingabeei alkohola saltzen dieten lokalen aurkako neurriak ere aipatzen ditu: behin baino gehiagotan harrapatzen dutena betiko ixtea, adibidez. Jaietan eta jende asko biltzen denetan kontrol zorrotzagoak eskatu dituzte.

Zergak eta ordutegiak

Alkoholari zerga zuzenak igotzea ere jaso dute txostenean. Bildutako dirua prebentzio kanpainak eta alkoholak eragindako kalteak gainditzeko programak finantzatzeko erabiliko litzateke. Alkohola saldu bai baina bertan edango ez den lokalen ordutegia zorroztea nahi dute txostenaren egileek. Horrez gain, Happy hour direlakoak debekatzeko eskatu dute, iturriko ura doan banatzea eta botilakoa merkeago saltzea. Publizitatean tabakoarekin ipinitako debekuen tankerakoak ere aipatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.