Emakume bati eman diote Fisikako Nobel saria, 55 urtean lehen aldiz

Ashkin, Mourou eta Strickland saritu dituzte, laser bidezko «argi erremintak» garatzeagatik

Suediako Zientziaren Errege Akademiako epaimahaikideak, atzo, Fisikako Nobel saria aurkezten. HANNA FRANZEN / EFE.
Ion Orzaiz.
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Fisikako Nobel saria 1901. urtean eman zuten lehenengo aldiz. Ordutik, gizonezkoak izan dira nagusi irabazleen zerrendan, alde handiz. 117 urteotan, bi salbuespen besterik ez da izan: Marie Curie (1903an) eta Maria Goeppert-Mayer (1963an). Suediako Zientziaren Errege Akademiak, batez beste, 60 urtean behin saritu du emakumezko fisikari bat. Atzo heldu zen hirugarrena: Donna Strickland zientzialari kanadarrak jaso zuen 2018ko Fisikako Nobel saria. Arthur Ashkin estatubatuarrarekin eta Gerard Mourou frantziarrarekin batera saritu dute Strickland, laser izpien aplikazio praktikoen alorrean garatutako teknika eta erremintengatik.

Fisikako Nobela jasotzen duen hirugarren emakumezkoa izatea «ohore handia» dela esan zuen Stricklandek atzo, saria onartzeko hitzaldian. Aipagai izan zuen, halaber, emakumezko zientzialarien ikusgarritasunik eza ere: «Aitortza merezi du emakume fisikarien lanak, eta espero dut hemendik aurrera sari hau jaso duten andrazkoen zerrenda luzeagoa izatea».

Inoiz sortutako laser pultsu «ultramotz eta indartsuenak» garatzeko teknikarengatik irabazi du Stricklandek Nobel saria, Mourourekin batera. CPA Chirped Pulse Amplification izena du teknika horrek, eta 1980ko hamarkadan garatu zuten. Handik gutxira, estandar bihurtu zen, intentsitate handiko laserrak ekoizteko. Ordutik, medikuntzaren alorrean erabiltzen dira laser mota horiek, besteak beste, begietako ebakuntzetan.

Teknika horren oinarrian dagoen artikulua 1985ean argitaratu zuen Stricklandek, eta doktoretza tesia egiteko baliatu zuen. Mourouk berak zuzendu zuen zientzialari kanadarraren tesia. Stricklanden ibilbideak badu antzekotasunik Jocelyn Bell astrofisikari irlandarraren kasu polemikoarekin. Pulsar bat detektatu zuen lehen zientzialaria izan zen Bell, 1961ean. Hurrengo hamarkadan, ordea, haren tesia zuzendu zuenari bakarrik eman zioten Fisikako Nobel saria —Antony Hewishi—, Jocelyn Bell bazterrean utzita.

Matxarda optikoak

Arthur Ashkin fisikari estatubatuarra izan da aurtengo Fisikako Nobel saria jaso duen beste ikerlaria, argi izpiekin lotutako beste ikerlan batengatik. Zehazki, «matxarda optikoen asmakuntzagatik» saritu dute. Asmakuntza horri esker, argi izpiak erabil daitezke partikula txikiak manipulatzeko. Fisikari estatubatuarrak 1980ko hamarkadaren bukaeran garatu zituen «argi erreminta» horiek, eta frogatu zuen partikulak, atomoak, birusak eta bestelako zelulak har eta mugi daitezkeela, laser izpi bat erabilita. Teknika horri esker, bakterio bizidunak harrapatu zituen Ashkinek 1987. urtean. Ordutik, sistema biologikoak ikertzeko erabili dira matxarda optikoak. 1992. urtetik erretiratuta dago Ashkin.

Iaz, Rainer Weissek, Barry C. Barishek eta Kip S. Thorne LIGO behatokiko arduradunek jaso zuten Fisikako Nobel saria, grabitate uhinen existentzia frogatzeko lanengatik. Hamarraldi ugari zeramatzaten ikertzaileek uhin horien existentzia egiaztatzeko ahaleginetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.