Konstituzionalak ebatzi du polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen

Ciudadanosek jarritako helegitea atzera bota du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Epaiak dio legeak ez duela epaileen lana auzitan jartzen

Polizia abusuen legearen bozketa, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ciudadanosen azken helegitea atzera botata, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du Eusko Legebiltzarraren Poliziaren Indarkeriaren Biktimen Legeak ez duela epaileen eskuduntzarik urratzen. Alderdi horretako 50 diputatuk iaz helegitea jarri zioten legeari, Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren «izena zikintzen» zuelakoan, eta haien «ekintzak zalantzan jartzen» dituelako. Argudiatu zutenez, legea epaitegien eskumenetan sartzen zen; besteak beste, epaileek dagoeneko aztertutako auziak ikertzeko aukera ematen zuelako.

Espainiako Konstituzionalak, atzo jakinarazitako ebazpenean, gogoratu du Espainiako Gobernuak 2016. urtean helegitea jarri ziola legeari, eta Madrilen eta Gasteizen arteko bitako batzorde batek testuaren eduki batzuk aldatu zituela, eta Eusko Legebiltzarrak aldaketa horiek onartu zituela joan den urteko apirilean. Lege horrekin, ganberak onarpena eta erreparazioa eman nahi dizkie arrazoi politikoengatik EAEn Espainiako Estatuko funtzionarioen esku giza eskubideen bortxaketak pairatu zituzten herritarrei, 1978tik 1999ra arte.

Auzitegiaren arabera, biktima batzordeak ez ditu gertaerak ikertzen, legeak espresuki galarazten diolako hori egitea. Gertaeratako asko preskribaturik daudenez, ezin dira dagoeneko auzitegietan ikertu. Gainera, nabarmendu du batzordeak ez duela erantzulerik bilatuko, eta erreparazioaren inguruan baino ez duela erabakiko.

Tentsio handiko saio batean onartu zuten legea. EH Bilduko Julen Arzuagak hitza hartu zuenean, liskarrak piztu ziren: Arzuagak «erabateko arbuioa» agertu zien Espainiako segurtasun indarrei, eta hura hizketan ari zen bitartean, PPko ordezkariak protesta egin zuten, eta legebiltzarrekin atera ziren. EAJren eta PSE-EEren botoei esker onartu zuten legea, indar subiranistak, berriz, abstentziora jo zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.