Bilboko Aste Nagusia

Txikienak, handienen esperoan

Egunero ateratzen dira Bilboko erraldoiak Aste Nagusian; konpartsa 24 irudik osatzen badute ere, zortzi berrienak ari dira irteten Erraldoien historia azaltzen duen erakusketa irailaren 30 arte egongo da ikusgai

Bilbo
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Aste Nagusiko egun guztietan legez, haur mordoa bildu zen atzo goizean Gurutze kalean, Euskal Museoko atarira begira. Bitartean, San Andres ikastetxe ohiko barne patioan, Bilboko erraldoi eta buruhandien konpartsako kideek etengabeko joan-etorriak egiten zituzten, 11:00etan kalejiran parte hartu behar zuten pertsonaia guztiak prest egon zitezen. Hala ere, haurrek pazientzia gutxi erakutsi zuten, eta batek baino gehiagok burua museoko atean sartu zuen, irudiak ikusteko irrikari eutsi ezinik. Atzo, beste behin, argi gelditu zen erraldoi eta buruhandien kalejira txikienen ikusmira pizten duten ekitaldi horietako bat dela. Urteak joan, urteak etorri, tamaina handiko irudikapenek arrakasta dute.

«Pitxitxi irten dadila!»

Minutuak pasatu ahala, umeen urduritasuna nabarmenagoa zen. «Ea, Pitxitxi irten dadila behingoz!», zioen 5 urteko mutiko batek. Haren alboan, beste bat aitaren mahukatik tiraka zebilen. «Aita, sar gaitezke?». Handik gertu, neskatxa bat isilik eta adi zegoen, eta don Terentzio garraiatzen zuten konpartsakideak agertu orduko, abisua eman zion amari, zeina ondoan irribarrezka zegoen: «Begiratu, badator bat!».

Gutxika, konpartsako kideek irudiak museoaren kanpoaldean kokatu zituzten. Mutil batek ez zion begirik kentzen Zumalakarregi jeneralaren figurari, eta irakaspen bat eman nahi izan zien lagunei. «Hor dagoen hori Alfonso XIII.a da». Zeharo erratu zen etorkizuneko irakaslea, baina historiarekiko jakin-mina duela erakutsi zuen, bederen.

Artean, bederatzi buruhandien maskarek lurrean jarraitzen zuten, eta Italiatik etorritako Lorenzo txikiak ukitzeari ekin zion. Gurasoek harrituta begiratzen zioten. Berehala buelta eman zuen, Isabel II.a seinalatuz. «É la più alta. É altissima!» (altuena da; oso garaia da!). Bi euskal baserritarrek ere atentzioa eman zioten: «Guarda, sono altri due qui» (ikusi, hemen beste bi daude). Izan ere, milaka dira udan Bizkaiko hiriburua bisitatzen duten turista atzerritarrak, eta atzo horietako hainbat ikus zitezkeen erraldoi eta buruhandien kalejiran, argazki kamera eskuan, begiak zabal-zabalik.

Zazpikaleetan barrena

Une horretan, buruhandiak umeak maskuriekin jotzen hasi ziren. Txikiei emandako kolpeak ez ziren oso gogorrak izan, baina konpartsakideen artean ez zuten erruki handirik izan. «Kontuz ibil zaitez, apurtuko duzu eta», esan zion barrezka haietako batek astindua eman zion lagunari. «Ez litzateke lehen aldia izango», gaineratu zuen, umoretsu, ondoan zegoen beste kide batek.

Dena den, ama bat ez zegoen oso konforme buruhandien jokabidearekin, eta aspaldiko garaiak ekarri zituen gogora. «Hauek gu txikiak ginenekoak baino askoz hobeto portatzen dira. Horiek oso gogor astintzen gintuzten, eta nola egiten zuten korrika!»

Erraldoiak prest egon bezain laster, txistulari eta gaiteroen doinuak lau haizeetara zabaldu ziren, eta pertsonaiek lehen dantzaldia eskaini zieten ikusleei. Bukatzean, konpartsako kideek panpinak lurrean utzi zituzten, txaloen artean. Hortik aurrera, Zazpikaleetan barrena dantzatzen jarraitu zuten, ibilbidea osatu arte.

Ohi dutenez, erraldoi bakoitza bi dantzarik eraman zuten, irudiak sorbalden gainean eramateak eskatzen duen ahalegina partekatuz. Konpartsakide batek dantza egiten zuen bitartean, besteak merezitako atsede- na hartzen zuen, kalejirari gertutik jarraituta. 13:30 aldera buka-tu zuten ekitaldia, eta irudiak Euskal Museoan gorde zituz- ten.

Bilboko erraldoien konpartsa 24 pertsonaiaz osatuta egon arren, aurtengo Aste Nagusian zortzi berrienek baino ez dute eguneroko kalejiretan parte hartu. Horien artean, sei Jose Ignacio Urbietak egin zituen, 1988an. Euskal baserritarren bikoteaz gain,don Terentzio eta doña Tomasa dira talde horren parte, Bilboko burgesak irudikatzen dituztenak. Halaber, Zumalakarregi jeneral karlista eta Isabel II.a Espainiako erregina liberalaren pertsonaiak sortu zituen Urbietak. Irudi horiez aparte, Pitxitxi Athleticeko jokalari izandakoaren eta haren emazte Linaren panpinak atera dituzte egunotan kalera: 1998an eraiki zituzten, klubaren lehen mendeurrena ospatzeko.

Zortzi personaia horiek eta aurretik sortutako beste hamalauak Bilboko Euskal Museoan gordetzen dira. Izan ere, irailaren 30era bitarte hiriko erraldoi eta buruhandien historia aztertzen duen erakusketa bat izango da ikusgai Unamuno plazan dagoen kulturgunean. Gaur egun kontserbatzen diren erraldoi eta buruhandiez gain, irudikapenek XVII. mendetik izandako bilakaera azaltzen duten panelek, argazki historikoek eta miniaturek osatzen dute erakusketa.

Bestalde, bihar oso egun berezia izango dute erraldoi eta buruhandiek, Areatzan egingo den erraldoien bilkuran parte hartuko baitute. Bilboko udal konpartsaz gain, Ondalan (Deustua, Bilbo), Bermiotarrak (Bermeo, Bizkaia), Irrintzi (Donostia) eta Sukila (Kanbo, Lapurdi) konpartsek eta Elizondo zein Zangozakoek (Nafarroa) kalea kolorez beteko dute, 12:30etik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.