Asko dute jokoan gaur Eibar, Reala B eta Amorebietak

Oso bestelakoa da batzuen eta besteen egoera: Eibar igo egin daiteke, eta Reala B eta Amorebieta, aldiz, jaitsi

Eibarko jokalariak, Stoichkov zoriontzen, Leganesen aurkako partidan. SD EIBAR.
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Espainiako Bigarren Mailako azken-aurreko jardunaldia jokatuko dute gaur Eibarrek, Reala B-k eta Amorebietak. Hirurek asko dute jokoan, baina aldea dago batzuen eta besteen helburuen artean: Eibar Lehen Mailara igo daiteke, jaitsi eta urtebetera; Reala B-k eta Amorebietak, aldiz, maila gal dezakete, Bigarren Mailan urtebete egin eta gero.

Eibar gaur igo daiteke. Horretarako, Teneriferi irabazi behar dio Ipuruan, eta Valladolidek Eivissan galtzea behar du. Ez du beste aukerarik gaur bertan Lehen Mailako taldea izateko; bi puntura atzetik du Valladolid, baina galduta du harekin gol aldea. Eivissak jada ez du ezer jokoan. 22:00etan hasiko dira igotzeko aukera dutenen partidak.

Bi ordu lehenago hasiko dira mailari eustea jokoan dutenen neurketak. Reala B eta Amorebieta bete-betean ari dira lehia horretan. 19. eta 20. postuetan daude, hurrenez hurren, eta bost puntura dituzte jaistetik salbu dauden azken bi taldeak, Malaga eta Sporting. Beraz, gipuzkoarrek eta bizkaitarrek irabazi egin behar dute gaur; bestela, jaitsi egingo dira. Etxetik at ariko dira: Reala B, Huescan (Espainia), eta Amorebieta, Cartagenan (Espainia), baina aurkariek ez dute ezer jokoan. Irabazita ere jaits daitezke, Malagak eta Sportingen egingo dutenaren mende baitaude. Sportingek Fuenlabradari egingo dio bisita, eta Malagak Burgos hartuko du. Ez batek ez besteak ez du ezer jokoan.

Bestalde, Osasunak iragarri zuen ez diela berrituko kontratua Iñigo Perezi eta Ramalhori. Realak, berriz, gaitzetsi egin du igandean Vila-realen «gertatutakoa». Bultzadako zaleak jipoitu zituen Espainiako Poliziak. Agirian ez du Polizia aipatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.